Skip to main content
EU
Kluba

GOL-FESTAK (XVIII). Hirugarren Mailako txapelketa ziurtatzeko

Eibar 7-3 gailendu zen Touringen aurka 62-63 denboraldiko azken aurreko jardunaldian

1963ko apirilaren 21ean Errenteriako Touringen aurka lortutako garaipenak (7-3) Hirugarren mailako txapelketa matematikoki ziurtatzeko balio izan zuen.

Armaginek bederatzi garaipen lortu zituzten azken bederatzi jardunaldietan, eta bost puntuko aldea atera zioten bigarren sailkatuari, Real Unioni.

Neurketa hartan 19 minuturen buruan Linzoain bergararrak Carmelo Basaras eibartarraren pasea jaso eta lehena egin zuen. Hiru minutu geroago, Linzoainek berak bigarrena egin zuen. 37. Minutuan, Urdampilletak hirugarrena eskuratu zuen Sarasquetaren pasea jaso eta gero.

Bigarren zatian, Sarasquetak laugarrena eta bosgarrena egin zituen. Bisitariak erreakzionatzen ahalegindu ziren. Hala Usandizagak bi gol sartu zituen markagailuan 5-2koa ezartzeko. Norgehiagokako azken txanpan Carmelo Basarasek 6-2koa egin zuen. Minutu bat geroago Touringek hirugarrena egin zuen eta azkenik, Basarasek bere bigarrena egin zuen (7-3).

Linzoainek, Sarasquetak eta Basarasek bina gol sartu zituzten, eta Urdampilletak bakarra. Arrechea epaileak zuzendu zuen partida.

Eibarren hamaikakoa honakoa izan zen: Javier, Jose Luis, Ansola, Zubieta, Aranegui, Gil, Basaras, Urdampilleta, Linzoain, Sarasqueta eta Iceta.

Carmelo Basaras Eibarko 20 urteko eskuin hegaleko gaztea izan zen partidako protagonista. Bi gol sartzeaz gain, hiru asistentzia eman zituen. Txikitan Chanchazelayko txapelketetan nabarmendu ondoren, Urko taldean jokatu zuen; eta ostera, Eibarren 1961 eta 1964 artean.

Ondoren, hiru denboraldi egin zituen Bigarren mailan Sabadellen, Alavesen eta Indauchun, eta Ourensen amaitu zuen bere ibilbidea Hirugarren Mailan. Klubarentzat urterik gogorrenetan Eibarrekin oso identifikatuta egon zen pertsona bezala, 1976 eta 1979 artean erregional mailan aritu zenean, batzorde teknikoko kide izan zen Jose Luis Cortaberria zuzendariarekin eta Patxi Aranegui jokalari ohiarekin batera. Ondoren, talde armaginarekin zuen konpromisoari eutsi zion 80ko hamarkadan eta 90eko hasieran. 2003an hil zen, 60 urte zituela.

Antonio Ansola Elgoibarko atzelari beteranoa; Patxi Aranegui eta Enrique Gil debarrak; eta Linzoain eta Adolfo Sarasqueta "Canicas" nabarmendu ziren. Ansola eta Sarasqueta Realean aritu ziren Lehen Mailan.

Anekdota aipagarri bezala, atsedenaldian Eibarko XII. Bizikletaren garaikurrak banatu ziren, Juan Jose Sagarduy Zaratamoko 22 urteko txirrindulari gazteak irabazitakoa, Kas taldeko txirrindularia, Karmany eta Manzanaqueren aurretik, biak Ferrys taldekoak.

Bigarren Mailara igotzeko promozioan, Eibarrek Ontinyenten aurka galdu zuen kanporaketa desorekatzeko jokatutako hirugarren partidan. Joanekoan Alicantekoek 1-0 irabazi zuten. Itzulikoan, aldiz, armaginak 2-1 gailendu ziren. Hori dela eta, hirugarren neurketa jokatu behar izan zuten. Ontiyent igoera lortu zuen hurrengo kanporaketa gainditu ostean.

Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

Argazkiak:

- Ezkerrean Carmelo Basaras eta eskuinean Patxi Aranegui.

- Adolfo Sarasqueta "Canicas" aurrelari eibartarra.

- Antonio Ansola atzelari elgoibartarra.