Skip to main content
EU
Kluba

GOL FESTAK (XI). Paco Araquistainen pokerra

1958ko azaroan Eibarrek 6-0 irabazi zuen Recreación taldearen aurka

Paco Araquistain aurrelari eibartarraren lau golak nabarmendu ziren, Eibarrek 1958ko azaroan Ipuruan Errioxako Recreación taldearen aurka lortutako garaipenean.

58-59 ligako bederatzigarren jardunaldia zen. Eibarrek lehen denboraldia zuen Hirugarren Mailan jaitsieraren ondoren. Jardunaldiaren amaieran, Tolosa zen sailkapenaren buru, Logroñesekin hamahiru puntura berdinduta, biak hamar partidarekin. Jarraian, Mirandes zegoen, bederatzi partida eta gero, hamabi punturekin. Hamaika punturekin, aldiz, Eibar eta Sanse ziren.

Eibar-Recreación 1958ko azaroaren 16an jokatu zen eta aurreko egunetan euria egin bazuen ere, zelaia nahiko egoera onean zen.

Egun hartako kronikek errioxarrek emandako erraztasunak azpimarratu zuten. Ipuruako zaleak ere haserretu egin ziren gol gehiago ez sartu izanagatik. Paco Araquistain aurrelari eibartarra nabarmendu zen norgehiagokan, jaurtiketa bortitzak egin zituen. Diario Vascok adierazi zuenez, sei gol egin bazituzten ere, hamasei ere egin zitzaketen. Bisitarien artean jokalaririk aipagarriena Pablo atezaina izan zen. Lehiako epailea, aldiz, Arrese izan zen.

Golak: 1-0. 54. min. Domingoren gola partida hasi eta gutxira. 2-0. Araquistainen lehena, areaz kanpoko jaurtiketa batekin. 3-0. 33 minuturen buruan, Paco Araquistainek bigarrena, oraingoan ezkerrarekin. 4-0. Atsedenaldirako lau minutu falta zirenean, Muguruzaren gol bikaina. 5-0 Araquistainek bigarren zatia hasi eta berehala. 6-0 Araquistainen laugarrena, arauzko denbora betetzeko minutu bat falta zenean.

Gastesi, Jauregui, Zaldua, Huertas, Muguruza, Osa, Bolinaga, Kaiku, Paco Araquistain, Domingo eta Juan Cacho zelairatu zituen Eibarrek hasieratik. Bitxikeria bezala, garaiko egunkari ezberdinetan, soilik hamar jokalari agertu ziren, Gastesi atezaina aipatzea falta da.

Paco Araquistainek ligako 30 partidetan 24 sartu zituen guztira. Bere ezaugarri nagusia buruko jokoa zen. Hala ere, bere indarra bi hankekin tiro gogorrak egitea ahalbidetzen zion.

Araquistainek Chanchazelayko txapelketetan hasi zuen bere ibilbidea futbolean eta Urkon aritu zen 54-55 denboraldian Eibarrekin debuta egin zuen artea. Denboraldi hartan, armaginak 2. Mailan ziren eta Araquistainek 19 urte zituen. Sei neurketetan lau gol egin zituen.

Osasunaren aurka debuta egin zuen egunean gola sartu zuen eta Oviedoren aurkako bigarren partidan ere bai. 55-56 denboraldian, Eibarren goleatzaile nagusia izan zen hamaika golekin. 56-57koan bost sartu zituen eta 57-58koan, jaitsierako urtean, zortzi.

Realean 1959 eta 1962 artean egon zen, guztira bost gol lortu zituen. 1959an Realaren 900. gola lortu zuen Lehen Mailan. 62-63an Eibarrera itzuli zen futbola utzi aurretik.

Bixenterekin batera, Eibarrek Bigarren Mailan izandako bigarren golegilea nagusia da. Biek 28 gol eskuratu zituzten, Araquistainek lau denboralditan eta Bixentek hamaikatan. Soilik Luluagak egin ditu gol gehiago, 42 gol sei denboralditan.

Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioako Patronatuko kide den Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

Argazki-oinak:

Paco Araquistainek eskuinarekin errematea egiten.

Paco Araquistainek atezainaren aldaratzea aztertzen.

Martin Gastesi atezainak lan gutxi izan zuen egun hartan.