Skip to main content
EU
Kluba

GOL-FESTAK (VIII): Cultural Leonesak sei gol jaso zituen Ipuruara egindako lehen bisitan

Eibarrek 6-0 irabazi zuen 53-54 denboraldian

Cultural Leonesak 6-0 galdu zuen Ipuruara egin zuen lehen bisitan, 1954ko urtarrilaren 31n.

Neurketan elurra izan zen nagusi, 90 minututan ez zuen gelditu. Hala ere, zelaiak ez zuen ur edo lokatz askorik.

Kazetari batzuen ustez, Eibarrek azken 14 urtetako partidarik onena jokatu zuen.

Partida amaituta, jokalariekin masajista lanetan ari zela, Antonio Corral entrenatzaile armaginak adierazi zuen egun horretan zeraman txapela denboraldia bukatu arte erabiliko zuela.

Eibarrek jardunaldia laugarren tokian bukatu zuen, Bigarren Mailan lehiatzen ari zen lehen denboraldian. Cultural Leonesa, berriz, hirugarren postuan zegoen eta multzoko golegile nagusia zen, 44 golekin 19 partidetan. Edonola ere, ez zen Ipuruan gola egiteko gai izan.

Leonesaren entrenatzailea Roman Galarraga debarra zen. Ostera, 1979ko lehen udal hauteskundeetan Debako alkate izendatuko zuten. Jokalari bezala Real Madrileko (nahiz eta ez zuen debuta egin), Realeko eta Leonesako atezain izan zen. 50-51 entrenatzaile-jokalari izan zen denboraldira arte eta ondoren entrenatzaile bakarrik.

Eibarren Ansola eta Cans atzelariak, Kaiku eta Valdes erdilariak eta Berecibar, Arzallus eta Carlos Uncilla aurrelariak nabarmendu ziren. 1928an jaiotako aurrelari honek 16 gol sartu zituen 28 partidatan eta denboraldi amaieran multzoko hirugarren goleatzaile nagusia izan zen.

Bere jaioterrian futbolean hasi ondoren Jaenera joan zen, ondoren Mirandesera 52-53 denboraldian eta ostera Eibarrera 53-54 denboraldian, bere kanpaina arrakastatsu bakarra. Geroago, Alavesen eta Kordoban jokatu zuen. Bere ibilbidea 57-58 eta 63-64 artean amaitu zuen Mirandeseko jokalari bezala. Azkenik, Elgoibar Kirol Elkarteko entrenatzailea izan zen hirurogeiko hamarkadaren erdialdean.

Eibarren hamaikakoa honakoa izan zen: Edu, Kaiku, Cans, Ansola, San Martin, Arzallus, Montalban, Valdes, Aranegi, Uncilla, Berecibar.

Golak:

1-0. Hirugarren minutuan Kaikuk Uncillari pasea eta honek lehena.

2-0. 19. minutuan, Ansola atzelari elgoibartarrak arriskua urrundu, baloia Uncillarari iritsi eta bigarren eskuratu zuen.

3-0, Bigarren zatian, Berecibarren jokaldia Montalbanek amaitu zuen.

4-0, 61. Minutuan Arzallusek Amaro gainditu zuen jaurtiketa indartsu baten bitartez.

5-0. Hiru minutu geroago, Montalbanen eta Uncillaren arteko jokaldia eta elgoibartarrak sarera.

6-0. 71. minutuan, Aranegik egindako erdiraketa Berecibarrek errematatu zuen ate barrura.

Epailea Soler kataluniarra izan zen.

 

Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

 

Argazki-oinak (Eibarko Udal Artxiboa)

Ekialdeko tribuna eta publikoa elurpean.

Eibarren hasierako hamaikakoa.

Bi entrenatzaileak, ezkerrean Corral eta txapela-kutun ospetsua eta Roman Galarraga debarra, Leongo entrenatzailea.

Arbitraje-hirukotea eta kapitainak.