Skip to main content
EU
Kluba

Gol festak (II). 1950eko Urtezahar Gauak gol zaparrada ekarri zuen Ipuruara

Eibarrek 6-1 irabazi zion Rayo Cantabriari mendi elurtuen begiradapean

1950eko Urtezahar Gauak, ohiko mahats mordoez gain, gol zaparrada bat ere ekarri zuen Ipuruara. Egun hartan Eibarrek 6-1 irabazi zion Rayo Cantabriari.

Abenduaren 31ko arratsaldean jokatu zen partida hartan, giro hotza izan zen protagonista. Ikusle gutxi bildu zen zelaian tenperatura baxuengatik. Inguruko mendi elurtuen begiradapean, Eibarrek gol-zaparrada harekin lidergoa berretsi zuen Hirugarren Mailan. 16. jardunaldiaren amaiera zen.

Lehen zatia parekatua izan zen eta 36. minutura arte ez zuen Eibarrek bere lehen gola sartu. Jose Luis Duque aurrelari bilbotarra izan zen golegilea. Area ertzean izandako falta bat berak jaurti eta sareko norantza hartu zuen, aurkari batean errebotatu ondoren. Minutu bat geroago, berak egingo zuen arratsaldeko bigarrena.

Ipuruako zaleei Duquek Eibarren lehen partidan sartutako bost golen oroitzapena etorri zitzaien. Izan ere, urte bereko irailean, aurrelariak Tudelanoren aurkako partidan (6-1) bost gol egin baitzituen. Atsedenaldiaren aurretik, 44.ean, Rivas aldeak murriztu zituen, Marquijana Eibarko atezainaren eta Ugalde atzelariaren arteko zalantza baten ondorioz.

Bigarren zatian, zelaia oso lokaztuta zegoen, eta horrek mesede egin zion Eibarri. Hala, 15 minuturen buruan hirugarren gola sartu zuen Sarasquetak. Laugarrena, aldiz, Errastik egin zuen. Eta bosgarrena eta seigarren kapitainak eta Errastik egin zituzten berriro ere. Horrela, etxekoen sei golak hiru jokalariren artean lortu zituzten: Sarasqueta (2), Duque (2) eta Errasti (2).

Partida bukatzeko bi minutu falta zirenean, Larrauri aurrelariak Sainz atzelari kantabriarrarekin talka egin zuen eta ondorioz lesionatu egin zen. Garai horretan oraindik ez zegoen baimenduta ordezkapenik egitea eta Eibarrek hamar jokalarirekin bukatu behar izan zuen partida.

Eibarren Cayetano Menarguez eta Arriola atzelariak nabarmendu ziren, eta aurrealdean, berriz, Duque bilbotarra. Menárguez 46-47 denboraldian Valentziarekin Ligako txapeldun izan zen. Hiri horretan ezagutu zuen Paula Lamarain "Pauli", Valentziako pilotalekuan jokatzen zuen Eibarko erraketista. 1948an harekin ezkondu eta Eibarrera etorri ziren bizitzera. Hori dela eta, Menarguezek Eibarren jokatu zuen, maila handiagoko taldeetan jokatzeko maila izan arren.

Kantabriarren artean nabarmenena Cerezo atezaina izan zen, sei gol jaso bazituen ere.

Eibarren hamaikakoa honakoa izan zen: Marquijana, Arriola, Cayetano Menárguez, Ugalde, Fructuoso, José Luis "el negro" Valdés, Larrauri, José Sarasqueta "Sarasqueta II", Duque, Errasti eta Alberdi. Egun horretan Eibarren partida askotan titularrak ziren bi jokalari gazte falta ziren, Guisasola "Kaiku" 19 urteko erdilaria eta Luis Mari Aranegui ezker hegalean aritzen zena.

Hirugarren mailako Ligako 16. jardunaldia amaitu ondoren, Eibar zen liderra 29 punturekin eta zortzi puntuko aldea ateratzen zion bigarrenari, Alavesi. 14 partida irabazi zituen, 1 berdindu eta 1 galdu. 50 gol alde eta 16 kontra, talde golegileena eta gol gutxien jasotze zituena zen.

Ligaren amaieran, Eibar izan zen txapelduna eta 2. mailara igotzeko fasea jokatu zuen, baina ez zuen helburua lortu. Rayo Cantabriak maila mantentzeko promozioa jokatu zuen eta Hirugarren Mailan jarraitzea lortu zuen.

Rayo Cantabriak Ipuruan egin zuen lehen bisita izan zen, eta Jose Sarasqueta Eibarreko kapitainak banderatxo bat eman zion Rayo Cantabriako kapitainari. Partida Jerez epaileak zuzendu zuen eta aulkian Antonio Corral zen, Ipuruako lehen denboraldian.

Rayo Cantabria 1926an sortu zen eta 1951tik Racing Santander taldearen bigarren taldea da. 1993tik 2019ra “Racing de Santander B” izena jaso zuen, gaur egun Rayo Cantabria izena berreskuratu du eta Hirugarren Mailan jokatzen du

Datu hauek, SD Eibar Fundazioko Patronatuko kidea den Jesus Gutierrez historialariarengandik eskuratu dira.

Argazkiak (Eibarko Udal Artxiboa):

- Duque, Rayo Cantabriako jokalari batekin.

- Eibarko kapitaina, Jose Sarasqueta, oroimenezko banderatxoa ematen.

- Hasierako hamaikakoa Eibarren. Hamabi jokalari agertzen dira, aldaketa bakarra onartzen zelako, atezaina behar izanez gero. Eibarren ordezko atezaina, Antonio Mayo da..

- Hasierako hamaikakoa Rayo Cantabrian.