Gol asko final laurdenetara hurbiltzeko
Eibar handi batek ia erabakita utzi du kanporaketa
Eibarrek 0-3 irabazi dio El Sadarren Osasunari eta oso hurbil dauka Errege Kopako final laurdenetarako sailkapena.
Armaginak nagusi izan dira ia partidu osoan zehar, erakustaldi fisiko onarekin eta gorritxoei euren jokoa egiten ez utziz, nafarrek arrisku handirik sortu ez dutelarik.
Gainera, hainbat gelditu bikain egin dituen Yoelen partidu ona erabakigarria izan da neurketa armaginen aldera joateko.
Kanporaketa 27. minutuan hasi da jartzen Mendilibarren mutilen alde, izan ere, Galvezek baloia ederki eraman du, pase ederra eman dio Lunari eta honen erdiraketa Nano Mesak sareratu du armaginak markagailuan aurreratuz.
Bigarren zatian, Joaquin Caparrosen aldaketak ez dira nahikoa izan armaginen abantaila neutralizatzeko. Alderantziz, eibartarrak arrisku handiarekin irten dira kontraerasora eta neurketa erabaki dute.
74. minutuan Bebék Mario atezainaren aldaratzea aprobetxatu du markagailuan 0-2 jartzeko. Adrianek modu ederrean takoiz errematatu du, atezain nafarrak gelditu eta aurrelari portugaldarraren hanketara iritsi da baloia.
Minutu bat lehenago, gainera, Yoel ederki aritu da eskuz eskukoan Sergio Leoni baloia gelditzeko. Berdinketa izango litzateke. Talde bien joan egon den aldea erabakigarria izan da.
Partidua erabakita zegoenean etorri da azken gola, 89. minutuan. Anaitz Arbillak ezkerretik egindako jokaldiaren ostean, Adrianek buruz bidali du baloia sarera.
Talde-lan bikaina Eibarren aldetik, bere historian inoiz aritu ez den final laurdenetara hurbiltzen dion partidua eginda.
Partiduaren amaieran Iruñeara hurbildu diren zaleekin elkarbanatu dute garaipena jokalari armaginek. Aipatzekoa izan da Osasunako zaleen jarrera, euren taldea animatzen egon direlako partidu osoan zehar.