Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Gipuzkoako derbia armagina izan zen

Eibar 2-0 gailendu zaio Realari, bigarren partean sartutako bi golei esker

SD Eibarrek Reala mendean hartu zuen Gipuzkoako derbian. Armaginek argi eta garbi nagusitu ziren partidan, Aritz Elustondok 23. minutuan txartel gorria ikusi eta gero.

Neurketaren hasiera parekatua izan zen. Bi taldeek iniziatiba eramatea bilatzen zuten, baina eibartarrak ziren areara errazago iristen zirenak.

Horrela, jokaldi horietako batean, Aritzek area barruan baloia eskuarekin ukitu zuen eta epaileak penaltia adierazi eta atzelaria kalera bidali zuen. Dena den, ez zen jokaldi guztiz biribila izan Eibarrentzako, Pedro Leónek oso altu jaurti baitzuen, markagailuan aurreratzeko aukera ezin hobea alferrik galduz.

Hala eta guztiz ere, Mendilibarren jokalariek ez zuten burua makurtu eta partiduan nagusitzen hasi ziren, nahiz eta arrisku gehiegirik ez sortu. Rulliren ingurura bai, hurbiltzen ziren eibartarrak, baina ez zituzten jokaldiak bukatzen.

Bigarren zatian, Eibar are gehiago nagusitu zen eta abaguneak agertzen hasi ziren. 52. minutuan, Gonzalo Escalanteren areaz kanpoko jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen.

Handik eta bost minutura, Eibarren lehenengo gola heldu zen. Escalantek banakako jokaldia egin zuen eta errematea egiterakoan, Illarramendik baloia bere atera desbideratu zuen. Ezer gutxi egin ahal izan zuen Rullik gola saihesteko.

Gol honek hegoak eman zizkien armaginei eta zortzi minutu beranduago, Sergi Enrichek bigarrena egiteko aukera ezin argiagoa izan zuen, baina bere jaurtiketak zutoinarekin egin zuen topo.

Handik gutxira, 65. minutuan, Bebék lasaitasunaren gola egin zuen: korner jaurtiketa baten ondoren baloia portugaldarrari iritsi zitzaion eta, pentsatu gabe, zutoin ondotik sartu zen zartako ederra bidali zuen.

Reala orduan, erasora joan zen alboa murrizteko asmoz. Eta hori armaginek aprobetxatu zuten, gol gehiago egiteko moduko hainbat aukera sortuz. Baina markagailua ez zen mugitu.

Garaipen honekin, Eibarrek Ipuruan galdu gabe jarraitzen du eta, sei jardunaldiren ostean, 10 punturekin kokatzen da, datorren asteko Santiago Bernabéuko bisita eta ondorengo Liga geldialdiari aurre egin baino lehen.