Garitano: Baten bat ilusio faltan badago, dei nazala, soberan daukat eta
Taldearen gogo-aldarteagatik galdetuta, "Baten bat ilusio faltan badago, dei nazala, potoak soberan dauzkat eta", adierazi du gaur Gaizka Garitanok, SD Eibarren entrenatzaileak.
Datorren igandeko partidu erabakigarriaren bezperetan, "zerbait lortzeko esperantzarekin joan behar dugu, ez zerbait galduko dugunaren beldurrez". "historikoa den zerbait lor dezakegu, lehen mailan jarraitzea, eta ilusio horrekin joan behar dugu", aipatu du Garitanok.
Duela bi urte taldea 2. A mailara igotzeko puntuan zegoela Alcoy-ra joan zenekoa ekarri du gogora, eta baita pasa den denboraldian lehen mailarako bidean Mallorcara joan zirenekoa ere. Bere esanetan, partidu haiek jokatzeko izan zuen ilusio izugarria omen du honetarako ere.
"Sei final ditugu eta play-off bat bailitzan bideratu behar dugu. Erronka bat da, eta nahiz eta azken hilabeteak gogorrak izaten ari diren, gogotsu gaude, nik energia asko daukat".
"Baikorra naiz, beti dut irabazteko esperantza. Futbolak bizitzaren antza du: Arriskatu, erori eta berriro ere altxa", azpimarratu du.
Jaitsiera postuetan dauden gainontzeko taldeen egoerari buruz galdetuta, "Ez dakit noren aurka jokatzen duten besteek. Ez dut konturik egiten, eta jokalariak gauza bera egitera bultzatzen ditut. Besteei begira egotea zure lana egiteko duzun denbora galtzea da".
"Taldea zorretan dago jarraitzaileekin", esan du, taldeari ematen dion babes izugarria dela eta. "izorratuta zaude zerbait bueltatu nahi baino ezin duzunean. Ematen dizkiguten babes eta animoak ordaindu nahi dizkiegu"
Almeriaren inguruan, "talde oso fisiko eta azkarra da". "korrika egiteko espazioa duenean, gainditu egiten zaitu bere indar eta abiadurari esker. Nahiago nuke joaneko partiduan (Eibarrek 5-2 irabazi zuen) bezain nagusi izango bagina, baina partidu itxi eta zailagoa espero dugu", aipatu zuen.