Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Garaipena eta festa klubaren 75. urteurrenari agur esateko

Keko Gontan eta Borja Bastonek egindako golek garaipena eman diote Eibarri, eta, horrenbestez, 24 punturekin amaitu du 2015. urtea talde armaginak

Gijongo Sporting taldearen aurka 2-0ko emaitzarekin lortutako garaipen garrantzitsuarekin eta argi eta su ikuskizun batekin itxi du 2015. urtea Eibarrek, taldearentzat ospakizun urtea izan dena.

Gaurko partiduak garrantzi berezia zuen Mendilibarrek zuzendutako mutilentzat, azken bost partiduetan bi puntu bakarrik eskuratuta heltzen baitzen taldea norgehiagokara.

Sportingek oso partidu gogorra planteatu du, atzean sendo, lerro guztiak elkarren artean oso gertu eta aukera txikiena ere eman gabe; hala, Eibarrek jokoaren ekimena eramanagatik, minutuek etxekoen gol aukera garbirik gabe egin dute aurrera.

Saul Berjon eta Keko Gontanen hegaletako jokoaren eta Simone Verdiren mugikortasunaren eskutik aukerak sortzen saiatu da Eibar, baina kosta egin zaio Sportingen arearen inguruetara arriskuarekin heltzea.

Armaginek, baina, ez dute pazientzia galdu eta euren aukeraren zain lanean jarraitu dute, jenialtasun baten edo arerioaren akats baten eskutik markagailuan aurrea har zezaketen jakitun.

Azkenean, 55. minutuan heldu da saria. Ezkerretik egindako jokaldi baten ostean erdiraketa on bat atera du Verdik, eta, Kekok, area barrutik, BBVA Ligan bere lehendabiziko gola sartu du jaurtiketa gurutzatu batekin.

Behin lehen gola eginda, gauzak asko erraztu dira EIbarrentzat. Hala, soilik sei minutu geroago, area barruan bakar-bakarrik zen Borja Bastonek bigarren gola egin du Saulen pasea jaso eta Cuellar atezaina behetik gainditu eta gero.

Partida amaierara bitarte, Sporting gogor saiatu da markagailuari buelta ematen, baina, aldiz, Eibar oso sendo aritu da atzealdean, eta, horrenbestez, beste garaipen bat gehiago lortu ahal izan du.

Behin partida amaituta, garaipenaren pozari argi eta su festa ikusgarri bat gehitu zaio Ipuruan, benetan bikaina izan den 2015. urteari agur behar bezala esateko. 2016 zoriontsua familia armagin guztiarentzako!