Skip to main content
EU
Kluba

Garagarza: Ondarea, aktiboak, etorkizuna, kirol egonkortasuna eta merkatu-balioa dugu

Fitxaketa merkatuaren itxieran, SD Eibarreko Kirol Zuzendariak taldearen balantzea egin du

Fran Garagarza SD Eibarreko Kirol Zuzendariak merkatuaren itxieran taldeko jokalarien balantzea egiteko prentsaurrekoan Klubak ondarea, aktiboak, etorkizuna, kirol egonkortasuna eta merkatu-balioa duela nabarmendu du.

Berarekin batera, Mikel Martija Idazkari Teknikoa eta bere lantalde teknikoaren hainbat kide (Unai Ezkurra, Alberto González eta Lluis Codina) agertu dira komunikabideen aurrean.

Lehenengo eta behin, talde armaginaren Kirol Zuzendariak eskerrak eman dizkio Kirol Batzordea eta Kontseiluari “gugan jarri duen konfiantza eta lasaitasunagatik”, staff teknikoari taldea egituratzeko konfiantza emateagatik “alarma edo ikararik” sortu barik eta bere lantaldeari “emandako orduak eta lanagatik”.

23 jokalariz osatutako lehen taldean, 10 alta egon dira (aurreko denboraldian baino ehuneko 30 gutxiago) eta horietatik hiru utzitako jokalariak izan dira (pasa den urtean 6 izan ziren). Guztira, 16 jokalarik kontratua izango dute 16/17 denboraldia bukatzean.

Hamar fitxaketetatik bederatzi estatuko taldeetatik datoz, guztiek “hizkuntza menperatzen” dute eta jokalarien inguruko “ezagutza handiagoa” existitzen da. “Ruben Peña 26 partidetan ikusi dugu zuzenean, Florian Lejeune 16retan eta Nano 9 partidetan”. “Gero ikusiko dugu moldatzen diren eta helburuak lortzen diren”. Bere ustez, talde “orekatua” da, postu bakoitzeko bi jokalariekin eta José Luis Mendilibarren eskemarako aukera ezberdinekin.

Merkatuaren itxieraren inguruan, Garagarzak azpimarratu duenez, “gure helburua abuztuaren 31ean kontratazioak itxita egotea zen eta lortu dugu”. Azkeneko fitxaketa, Anaitz Arbillarena, abuztuaren 30ean itxi zen.

“Atzo egun lasaia izan zen. Sergi Enrich eta Ander Capagatik eskaintzak genituen, baina ez negoziatzea erabaki genuen bi aktibo garrantzitsuak direlako. Klausula ordaindu eta gero baino ezin zituzten fitxatu. Oso pozik gaude hemen geratu direlako. Lasai geunden, gure esku ez zegoelako”.

“Denbora gutxitan asko aldatu da merkatua. Talde guztiek inbertitu behar izan dute fitxatzeko. Guztiek dute aurrekontu handiagoa, nahi dituzun jokalariak erostea gero eta garestiagoa da eta konpetentzia oso altua da. Konpetentzia handia izan dugu, lan handia eta negoziazio gogorrak. Emaitzarekin pozik gaude”.

Jokalari fidelizatuei dagokienez, Garagarzak “jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa” eman dutela esan du. “Aurreko denboraldian 3 genituen eta aurten 14 dira Bigarren, Bigarren B eta Hirugarren Mailan ditugun jokalariak. Lehenengo aldiz 3 jokalari ditugu Bigarren Mailan utzita: Jordi Calavera, Unai Elgezabal eta Pere Milla. Azpimarratzekoa da hori guretzako”.