
Fran Rico: Partidu berezia izango da niretzat, baina irabazteko asmoz noa
Granadako erdilari ohia 5 denboraldi igaro zituen zelaira bueltatzen da igande honetan
Fran Rico pasa den astean ailegatu zen SD Eibarrera Granadak utzita, han 5 denboraldi igaro eta gero. Gaurko prentsaurrekoan, datorren igandeko bisita Los Cármenesera berarentzat “oso berezia” dela aitortu du, baina “beste kolore batzuk defendatzen eta irabazteko asmoz” joango da.
Atxabalpen entrenamendua bukatu eta gero gogoratu duenez “duela oso gutxi joan naiz handik eta nire klub eta taldekide ohien kontra jokatzea oso berezia izango da”.
“Badakigu zein den Granadaren jokatzeko modua, baloia beti atzealdetik ateratzen saiatzen dira eta presio gogorra egiten dute, baloia ateratzerako orduan zailtasun handiak sortuz. Baina geure jokoa eginez eta entrenatzaileak partida nola planteatuko duen ikusiz, seguru nago min egin ahalko diegula eta espero dut hiru puntuekin bueltatzea”.
“Han egindakoagatik kontzientzia oso garbia dudala esan dezaket. 5 urte hauetan guztia eman dut euren kamiseta defendatzeko eta orain irabazteko asmoz noa, Eibarreko interesak kontutan izanda, hori baita orain interesatzen zaidana”.
Talde berrira moldatzeko prozesuaren inguruan, “oso ondo” doala adierazi du. “Maila pertsonalean egundoko taldea da. Kirol mailan ere oso ondo dago. Oinarri oso sendoa zuen eta egindako fitxaketekin taldea hobetu da eta aukera gehiago ditu aulkian. Oso talde lehiakorra da eta Lehen Mailan geratzen saiatuko gara”.
“Helburua beste denboraldi batez Lehen Mailan jarraitzea da. Neurketa guztiak dira zailak, baina uste dut taldea gai dela jaitsiera saihesteko eta Granadako partidatik saiatuko gara hemen geratu nahi garela eta Lehen Mailako taldea garela erakusten”.