Skip to main content
EU
Kluba

Fran Rico: Oso zoriontsu izan nintzen Granadan eta Eibarren berdin edo are zoriontsuagoa izatea espero dut

Pontevedrako erdilaria aurkeztu dute hurrengo bi denboraldietarako jokalari armagin bezala

Bi denboraldirako Granadatik utzita iritsi den Fran Ricok bere fitxaketari buruz hitz egin du bere aurkezpenean SD Eibarreko jokalari bezala: “oso zoriontsu izan nintzen Granadan pasatu nituen bost urteetan eta hemen berdin edo are zoriontsuagoa izatea espero dut”.

“Interes handiena erakutsi zuen taldea Eibar izan zen. Iraganetik zetorren interes hori eta hona etortzea erabakita nuen. Oso pozik nago hemen egon ahal izateagatik. Granadan jende berria sartu da eta bost denboraldi igaro ondoren erronka berria behar nuen, ilusio berriak. Posibilitate honek futbolaz gozatzeko eta garrantzitsu sentitzeko bilatzen nuen guztia batzen zuen”.

“Geldialdi hau oso ondo datorkit entrenatzailearen kontzeptuak hartu eta taldekide berriak ezagutzen joateko. Lagunarteko giroa dagoela ikusten da, kide berriek asko laguntzen ari naute eurekin integratzen. Ahalik eta lasterren sasoi betean egotea espero dut”.

“Escalante eta Dani (García) oso jokalari onak dira, ederto moldatzen dira euren artean. Lan oso garrantzitsua egiten dute defentsan eta baloiarekin ere jokalari onak dira. Konpetentzia gogorra egongo da gure artean, baina hori onuragarria izango da taldearentzat. Entrenatzaileari gauzak zail jartzea ona izango da guztiontzat”.

“Mendilibarrek zorionak eta ongi etorria eman dizkit. Lehenengo entrenamenduan ikusi dut zer nahi duen eta zer eskatzen duen, exigentzia handiko entrenamenduak dira. Hala ere zehazkiago zer nahi duen eta zer espero duen nitaz esatea espero dut. Seguruenik, bi aste hauen ostean dena oso argi izango dut eta askoz errazagoa izango da. Grina eta sakrifizioa eskaini nahi ditut eta eskuragarri egon nahi dut entrenatzaileak nahi duen posizioan jokatzeko. Baloiarekin eroso nago baina defentsan ere langilea naiz. Taldeak momentu bakoitzean behar duena eskaini nahi dut”.

Fran Garagarza SD Eibarreko Kirol Zuzendariak adierazi duenez, Fran Rico “nahi genuen jokalaria zen joan den urteko Gabonetako merkatutik”.

“Nahi genuen esperientzia dauka. Pibote mistoa da. Birekin jolastu dezake, euskarri bakar bezala edo hirurekin. Dauzkagun jokalariei egokitu ahal zaion jokalaria da eta aukera ugari eskaintzen dizkio entrenatzaileari. Lan gogorra egin dugu gurekin egon dadin. Esperientzia eta eskarmentua ekarriko ditu. Cristian Riveraren apustua, Fran Ricorenarekin orekatuz, bilatzen genuena zen. Ez genuen beste apustu bat nahi, baizik eta Lehen Mailan esperientzia zuen norbait”.

“Jende askok emandako informazio oso ona genuen berari buruz maila pertsonalean eta dagoeneko hemen pasatu dituen bi egunetan hori baieztatu du. Bost jokalari nahi genituen hor entrenatzaileari hainbat aukera eskaintzeko. Orain alternatiba ugari ditu eta denboraldiaren azken txanpan erabiltzeko jokalari ezberdinak”.

Era berean, klub armagineko Kirol Zuzendariak nabarmendu du Fran Ricok, nahiz eta Granadak utzita egon, euren kontra jokatu ahalko duela Los Cármenes eta Ipuruan.

Amaia Gorostiza klubeko Presidenteak ongi etorria eman dio jokalariari. “Arrakasta handia opa dizugu, zure arrakasta gure arrakasta izango baita. Etxean bezala sentitzea espero dut. Taldekide paregabeak izango dituzu eta beso-zabalik hartuko zaituen familia”.