Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Ezin hasiera hobeagoa eman

Eibar serio eta fidagarri batek hiru puntuak lortu ditu Malagan

Eibarrek ezin izan dio hasiera hobeagoa eman Ligari, eta neurketa oso serioa eginda garaipena lortu du Malagan, Ligako lehen jardunaldian, Charlesen gol bati esker (0-1)

Neurketa hasi eta berehala, hirugarren minutuan, armaginek lehen aukera garbia izan dute. Kike Garciaren erdiraketa sareetara bidali du Charlesek, baina Malagako taldeko jokalari ohiak eskua erabilita erdietsi du gola, eta epaileak baliorik gabe utzi du.

Aurrelari brasildarrak neurketa ona jokatu du, lehiarako grina handia erakutsiz, eta goletik hurbil behin baino gehiagotan geratu da, batez ere ezker hegaletik Takashi Inui lagun izan duela.

Bigarren zatian, berriz, Eibar jaun eta jabe izan da. Zelai erdian baloiak azkar berreskuratu eta helagetara zabalduz, taldeak aurrerapausua eman du, eta Malagak ezin izan dio egoera horri aurre egin.

57. minutuan, ezkerraldetik Cotek baloia erdiratu eta Charlesek burukada sareetara bidali du, 0-1koa jarriaz. Brasildarrak, gainera, ez du gola ospatu, joan den denboraldira arte bere zalegoa izandakoari errespetua erakutsiz.

Eibarrek abagune gehiago izan ditu, eta bigarrena gertu izan du zenbait unetan. 60. minutuan Cotek, Alejok geroago eta 77.minutuan Inuiren jaurtiketa bati erantzun paregabea eman dio Roberto atezainak.

Malagak Jony zelairatu du, eta Dmitrovicen area ingurura gerturatzen saiatu da, baina Eibarko atzeko lerroak bikain erantzun du, seriotasun eta indar handiz, ia aukerarik eman gabe. Era berean, Marko Dmitrovicek ondo erantzun behar izan die Borja Bastonen jaurtiketa biri.

Besterik gabe amaierara iritsi da neurketa, Eibarrek ondo merezitako hiru puntuak eskuratuz. Talde armaginean sei jokalarik jokatu dute aurrenekoz elastiko urdin-gorriarekin: Dmitrovic, Oliveira, Alejo, Charles, Cote eta Jordánek. Lehen hirurek, gainera, La Ligan debuta egin dute.