
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak Ipurua bisitatu du
Bingen Zupiriak Eibarko Presidentearekin bilera eduki du eta instalakuntzak bisitatu ditu
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak Ipurua bisitatu du gaur eta Amaia Gorostiza SD Eibarreko Presidentearekin bildu da.
Eusko Jaurlaritza berria osatu denetik alde bien artean egiten den lehen bilera da gaurkoa, eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria, Mikel Larrañaga talde armagineko Presidenteordea eta Patricia Rodriguez SD Eibarreko Zuzendari Gerentea ere bildu dira bertan.
Ipuruako palkoan egin den bileraren ostean, Amaia Gorostizak Bingen Zupiria Ipurua futbol zelaiko instalakuntzetan zehar egindako bisitan lagundu du.
Lehen kontaktu hau amaitutakoan, Zupiria sailburuak eskertu du eibartarren gonbita: "Etorri aurretik bagenekien futbol talde bat baino gehiago zela Eibar Kirol Elkartea, eta bertatik betara baieztatu ahal izan dugu. Ikusi ahal izan dugu nolako garrantzia duen hirian, inguruko herrietan eta bailara osoan era ezberdinetako ekimenak bultzatzeko orduan. Kirol arloari, gizarteari eta enpresaren munduari jasotzen duena itzuli nahi dio Eibar Kirol Elkarteak".