Skip to main content
EU
Fundazioa

Euskararen txantxangorrriak Ipurua berriz ere bisitatuko du derbian

SD Eibar eta Real Sociedad taldeen hasierako hamaikakoak euskararen txantxangorria daramaten elastikoak jantzita zelairatuko dira.

SD Eibar eta Real Sociedad taldeen hasierako hamaikakoak euskararen txantxangorria daramaten elastikoak jantzita zelairatuko dira megafonian Sorotan Beleren “Euskararen Txantxangorria” abestia entzungo den bitartean. 

Gipuzkoako taldeen zuzendaritzez gain, partidura erakundeetako ordezkari ugari etorriko dira: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, eta Jokin Azkue, Euskara Sustatzeko Zuzendaria, besteak beste, hasierako ekitaldian izango direnak Euskararen erabilera esparru guztietan bultzatzeko.

Barruan «e» letra duen txantxangorriaren soslai maitagarria da euskara sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren kanpainaren irudia; egunerokoan, hamaika alorretan ikusiko dugu (irakaskuntza, administrazio, merkataritza eta enpresetan), herritarrek, ongi dakitenek zein ikasten ari direnek, euskara erabil dezaten bultzatu nahian.

Horrela bada, SD Eibar eta Real Sociedad fundazioen eskutik, bi klubek euskal hizkuntzarekin duten eguneroko konpromisoa berresten dute sinbolo horren bitartez, sustatzeko eta eguneroko jardueran erabiltzeko konpromisoa, alegia. Azken batean, euskarari hegoak ematea da konpromisoa, kanpainaren leloak adierazten duen moduan.