Skip to main content
EU
Kluba

‘Euskararen baloiak’ Eibarko ikastetxeak bisitatuko ditu

Andres Gorosabelen testigua jasoz, SD Eibarreko Fundazioak euskararen erabilera sustatu nahi du ‘Euskararen baloia’ ekimenaren bitartez

SD Eibar Fundazioak euskararen erabilera sustatzeko asmoz ‘Euskararen baloia’ ekimena sortu du. Egitasmoa Eibarko ikasleei zuzenduta dago eta inguruko ikastetxe guztietan milaka urteko hizkuntzaren erabilpena indartzea du helburu. Iniziatiba klubak bere baitan duen Euskara Planaren barruan kokatzen da eta hala, SD Eibarrek hizkuntzarekiko duen konpromezua berretsi nahi du.

‘Euskararen baloia’ ekimenak berriki Ipuruako lanetan aurkitutako baloiaren istorioa du ardatz. Diotenez, 1899an Ipurua auzoko bizilagunek Andres Gorosabeli baloi bat egiteko enkargua egin zioten. Honek agindua onartu zuen baina baldintza bat ezarri zien, baloiarekin euskaraz jokatu beharko zutela.

Gorosabelen testigua jasoz, klubeko jokalari zein eragile ezberdinek Eibarko zazpi eskola bisitatuko dituzte datozen asteetan: Aldatze, Amaña, Arrateko Andra Mari, La Salle, Mogel, San Andres eta Urkizu. Beren helburua gazteen artean euskararen erabilera kirolean sustatzea izango da, baloia protagonista duten joko desberdinen bitartez. Horretarako, ‘Euskararen baloia’ Eibarreko eskola ezberdinetan egongo da ikusgai astero.

Joan den astean, Anaitz Arbilla jokalaria Amañako ikastetxean izan zen ekimena azaltzeko. Eibarko jokalariak ehun ikasle baino gehiagori eman zien ‘Euskararen baloia’ren berri. Aste honetan, berriz, Jon Ander Ulazia kontseilari delegatua Iturburun izango da egitasmoa gazte gehiagoren artean zabaltzeko.

Ekimena klubak Eibarko euskaltegiarekin batera duen Euskara Planaren barnean kokatzen da. Horren bitartez, SD Eibar Fundazioak euskara hizkuntzarekiko duen konpromezua berretsi nahi du.