Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Etxetik kanpo puntu bat 2016ari LaLiga-n agur esateko

Beberen golak berdinketa eman die 26. minututik jokalari bat gehiagorekin jokatu duten armaginei

SD Eibarrek berdinketarekin esan dio agur urteari Leganesen aurka etxetik kanpo 1-1 berdindu ostean. Pepineroek jokalari bat gutxiagorekin jokatu dute 26. minutuan Herrerin atezaina kaleratu dutenetik, baina armaginek ez diote horri etekina atera.

Partidua berdinduta hasi da, baina 23. minutuan gauzak okertu dira eibartarrentzat. Lunak gaizki pasatu dio baloia Yoeli, eta argi ibili den Guerrerok baloia lapurtu eta sarera bidali du.

Kolpea jaso arren, eibartarrek berehala erreakzionatu dute. 26. minutuan Herrerinek Inui area kanpoan lurrera bota du eta epaileak txartel gorria atera dio atezain bizkaitarrari.

Nahiz eta zelaian jokalari bat gutxiagorekin egon, Leganes serio mantendu da defentsan eta Eibarrek ez du aukera handirik sortu lehen zatian.

Atsedenaldiaren ostean Mendilibarren mutilak gora joan dira berdinketaren bila eta hainbat aukera izan dituzte helburua lortzeko. Escalantek birritan eta Ruben Peñak markagailua berdintzeko abaguneak izan dituzte.

75. minutuan iritsi da eibartarren berdinketaren gola. Inuiren ordez zelairatu den Bebek birritan pentsatu gabe area kanpotik jaurti du, baloiak etsai baten gorputzean jo eta Barriosen atean sartu da.

Golaren ostean Eibarrek hurbilago ikusi du garaipena, baina 2016 onari etxetik kanpoko berdinketa batekin esan behar izan die agur armaginek.

Neurketa amaitutakoan, taldea animatzera Leganesera joan diren zaletuak agurtzera joan dira jokalariak. Asteazkenean Ipuruan Gijongo Sportingen aurka jokatuko duen Errege Kopako partiduarekin amaituko du urtea Eibarrek.