Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen taldea, salbazio matematikoa lortzeko zorian

Añorgari 3-1 irabazi eta gero, jaitsiera-postuekiko bost puntuko aldea du taldeak liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean

SD Eibarren emakumezkoen lehen taldea mailari matematikoki eusteko zorian dago, atzo Unben Añorga, Bigarren Mailako laugarren sailkatua, 3-1 mendean hartu ostean.

Antzekotasunak izan ziren partida horren eta aurreko egunean gizonezkoen taldeko partidaren artean: derbi gipuzkoarra, etxekoen garaipena kanpokoen golaren ondoren partidari buelta emanda, eta mailari eustea ia bermatzen duena.

Partidako lehen minutuetan Añorga nagusitu zen eta, etxekoek emandako kornerretako bat baliatuz, aurreratu egin ziren 34. minutuan, Larraren golaren bidez.

Azken jardunaldietan estualdirik ez izateko, Eibar anbizio handiagoz zelairatu zen bigarren zatian, eta baloia eta bertikaltasuna gogo handiagoz bilatu zituen. 

Haizea Lombak baloi luze bat hartu zuen 53. minutuan atzelariak abiadurari esker atzean utzita eta atezaina gainditu zuen partida 1-1 berdinduz.

Minutu batzuk geroago, antzeko jokaldi batean, kasu honetan aireko baloi batean, Haizea Lombak baloia jaurti zuen eta atezainak, urrundu nahian, aurpegian jo zuen ukabilekin eta epaileak penaltia adierazi zuen. Alaitz Seoanek hartu zuen hamaika metrotik baloia jaurtitzeko ardura, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen zutoinaren ondo-ondotik.

Etxekoek korner asko ematen jarraitu zuten, baina Iratxe atezainak arazo handirik gabe urruntzen zuen baloia. Haizea Lombak korner bat erdiratu zuen 82. minutuan. Inork ez zuen baloia errematatzea edo urruntzea lortu eta area txikian gelditu zen. Une horretan Maitane Basterrak aukera baliatu zuen baloia kontrako atean sartzeko.

Bazirudien partida horrela amaituko zela, baina 88. minutuan Ainhoa Alonsok bi zentralak atzean utzi zituen zelai-erditik bere abiadurari esker eta atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratuta 3-1ekoa egin zuen jaurtiketa bikain baten bidez. Horrela bukatu zen partida, armaginak pozaren pozez utziz.

Liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean, armaginek bost puntuko aldea eta gol-diferentzia dituzte jaitsiera-postuekiko. Hurrengo astean salbazio matematikoa lor dezakete Nafarroa aldean, Ardoiren kontra emaitza positiboren bat lortuz gero.

Eibarren hamaikakoa: Iratxe, Naiara, Alaitz, Olatz, Irune, Ainhoa Larruskain, Maitane Basterra, Melani (Yaiza, 60. min), Irati (Ariane, 65. min), Ainhoa Alonso (Ane Egaña, 88. min), Haizea Lomba (Ainara Juaristi, 89. min). 

Golak: 0-1: 34. min, Larra. 1-1: 53. min, Haizea Lomba. 2-1: 82. min, Maitane Basterra. 3-1: 88. min, Ainhoa Alonso.