Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak sendo garaitu du San Ignacio (6-0)

Armaginek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute gol festa zoragarrian

Emakumezkoen lehen taldeak San Ignacio mendean hartu Ligako bigarren jardunaldian. Eibartarrak lehen partida zuten etxean eta garaipen sendo batekin estreinatu dira zaleen aurrean. Hasiera onak eman dio Telletxearen taldeari neurketari aurre egiteko beharrezko segurtasuna. Gauzak horrela, aise gailendu dira talde bizkaitarraren aurka.

Lehiaren hasiera aparta izan da. Izan ere, bederatzi minuturen ondoren aurretik zen taldea Gantxegiren gol bati esker. Atzelariak ederki burukatu du area barruan Leyrek ipinitako falta. Armaginak bere jokoa egiten saiatu dira lehen zatian; bien bitartean, San Ignacio aurkari arriskutsua izan da, Idoiak norgehiagoka hankaz gora jarri duen arte.

33. minutuan aurrelari donostiarrak bigarrena egin du atezainaren hutsa aprobetxatu ostean, eta handik minutu batzuetara, Idoiak ez du hutsik egin eta Leyreren erdiraketa gozoa sare barrura bidali du erremate fin baten ondoren.

Eibarrek errenta handitu nahi izan du atsedenaldiaren ostean, baita lortu ere. Leyrek laugarrena egin du bigarren zatiaren erdialdean, buruz burukoan atezaina ondo gainditu ostean. Handik gutxira, Leyrek berriro ere, atea zulatzea lortu du bosgarrena eginez. Eta neurketa amaitzear zela, Michi jokalari japoniarrak seigarrena egin du gol festa borobilduz.