Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak Real Oviedoren etxean berdindu du (1-1)

Armaginek ezin izan diote eutsi Kukik lehen zatian egindako golari

Emakumezkoen lehen taldeak Real Oviedoren etxean berdindu du Ligako zortzigarren jardunaldian. Armaginek lehia garrantzitsua zuten bigarren sailkatuaren etxean eta hiru puntuak lortzetik oso gertu dira. Lehen zatian Kukik egindako golak errenta eman die markagailuan Dorronsorok zuzendutako neskei. Emaitzari eusten gogotik saiatu badira ere, neurketako azken minutuetan etxeko taldearen berdinketa iritsi da.

Eibarrek ondo ekin dio lehiari. Lehen minutuetan biziki hurbildu dira Oviedoren area ingurura. Geldikako jokaldien bitartez arriskua eraman dute norgehiagoka hasieran. Mar lehena egitetik gertu egon da falta batean. Eta handik gutxira, Kukik ez du barkatu. Sasoiko den aurrelariak huts eta batekoa ezarri du markagailuan. Eibartarrek itxura bikaina eman dute lehen zatian.

Bigarren zatian, etxeko taldeak asko bultzatu du. Hegaletatik arriskua eraman dute, baina armaginak sendo ibili dira defentsa lanetan. Real Oviedok, ordea, ez du amorerik eman eta neurketako azken txanpan berdinketaren gola egin du. Isabel izan da etxekoen golegilea. Hala, Eibarrek puntu bat gehitu du, azken zazpi jardunaldietan ez du porrotik jaso Iker Dorronsoren taldeak.