Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak Osasunaren aurka berdindu du (2-2)

Armaginek gertu izan dute garaipena, baina azken hatsean Lorenak binakoa egin du gorritxoentzat

Emakumezkoen lehen taldeak bina berdindu Ligako 21. jardunaldian. Norgehiagoka lehiatua izan da hasieratik amaierara, bi taldeek maila ederra erakutsi dute partida osoan zehar. Armaginek neurketa serioa egin dute, eta markagailuan bi bider aurreratu badira ere, ezin izan diote emaitzari eutsi. Gantxegi eta Idoia izan dira eibartarren goleatzaileak.

Errespetuz ekin dute neurketa bi taldeek. Horrek abagune gutxi utzi dizkigu lehen minutuetan. Arriskua eraman duen lehen jokaldia Irantzuk egin du, bere jaurtiketa atzelari batean jo du eta kornerrera irten da. Jokaldi horretatik iritsi da lehen gola hain zuzen. Alonsok izkinetik atera eta lehen instantzian atzelari gorriek baloia urrutiratu badute ere, adi egon da Gantxegi ezker oinez, baloia sare barrura bidaltzeko.

Handik aurrera, Eibar gehiago izan da baloiaren jabetzaren bitartez eta aurkariaren area ingurura iritsi da maiztasunarekin. Atsedenaldia irister zela, ordea, Salinasek ederki aprobetxatu du Osasunak lehen zatian izan duen aukera garbiena, eta markagailua berdintzea lortu du.

Golak indarra eman die gorritxoei eta aldageletatik bueltan, biziki ekin diote lehiari. Gauzak horrela, lehen minutuetan Izasek Osasuna aurretik jartzeko abagunea izan du, baina ez du asmatu bere jaurtiketan. EIbarrek, aldiz, sufritzen jakin du eta denborak aurrera egin ahala, gora joan da.

Armaginen lehen abisua Alonsok eman du jaurtiketa bikain baten bitartez. Bere eskuinkada gutxigatik joan da kanpora. Ostera, aldiz, Idoiak ez du hutsik egin Osasunaren atea aurrean. Aurrelariak Irantzuren pasea ezinhobeto aprobetxatu du eta bi eta bateakoa egin du.

Eibartarrak errenta mantentzeko lanetan jarri dira handik aurrera. Oso gertu izan dute garaipena, baina partidaren bukaerarako gutxi falta zela, Osasunak lehia berdintzea lortu du berriz ere. Amaieran, puntu banaketa egon da Unbe futbol zelaian.