Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak Mulierri irabazi dio lehiaren amaieran (1-0)

Armaginek hiru puntuak eskuratu dituzte Titay Calvoren gol bikainari esker

Emakumezkoen lehen taldeak Mulierri irabazi dio Ligako hamargarren jardunaldian. Telletxeak zuzendutako neskek berdindutako neurketa poltsikoratu dute nahi baino gehiago izerditu eta gero. Izan ere, neskek lan handia egin behar izan dute garaipena etxean gera zedin. Titay Calvo izan da norgehiagokako golegile bakarra. Erdilariak amaierarako bost minutu falta zirela lortu du garaipenaren gola.

Kostatu zaie eibartarrei nagusitzea lehen minutuetan. Aurkariak sendo ibili dira defentsa lanetan partida osoan zehar. Bloke trinko eta estuaren bitartez arazoak sortu izan nahi dizkiete etxekoei. Partidak aurrera egin duen heinean, ordea, Eibar nagusitzen joan da nahiz eta aukera garbi asko ez duen sortu. Abagunerik esanguratsuena Michik izan du lehen zatian. Bere jaurtiketari erantzun ezinhobea eman dio atezainak.

Bigarren zatian Telletxearen neskek golaren bila jarraitu dute. Neurketako gidoia aldatu ez den arren, amaiera ezberdina izan da. Lehia bukaerarako bost minutu falta zirela Titay Calvoren jeinutasun batek balantza desorekatu du eibartarren alde. Erdilariak baloia jasu du area ertzean eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa bortitza egin du. Baloiak sare barrurako norabidea hartu du langan jo eta gero.

Horrela, hiru puntuak etxean gelditu dira beste astebetez. Armaginek beren bosgarren garaipena lortu dute jarraian. Etxean gainera, ez dute beste emaitzarik lortu. Hori dela eta, sailakapenaren goikaldean jarraituko dute. Denboraldi ikusgarria.