Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak Madrid CFF-en aurka galdu du (0-1)

Andrearen gol goiztiarrak kanpoko taldearen alde erabaki du lehia

Emakumezkoen lehen taldeak gol bakar batengatik galdu du Madrid CFF-en aurka Ligako hamaikagarren jardunaldian. Armaginek denboraldiko bigarren porrota jaso dute bederatzi jardunaldiz galdu gabe egon ostean. Norgehiagokaren hasieran Andreak egindako golak erabaki du lehia kanpoko taldearen alde.

Lehen minututik kosta zaio Eibarri neurketari neurria hartzea. Madrilek ondo hasi du partida, Eibarri presio ona eginez, aurkako zelaian jokatu du. Goikaldean egindako presioaren ondorioz, Madrid CFF-ek norgehiagokako gol bakarra eskuratu du. Andrea izan da kanpoko taldearen golegilea.

Dorronsororen neskak erreakzionatzen saiatu dira lehen zatiaren amaieran. Napo berdinketa lortzetik oso gertu egon da geldikako jokaldi batean. Honokak ezker hegaletik atera duen kornerra atzelariak errematatu du area barruan baina burukada langarekin topatu da. Armaginen minuturik onenak iritsi dira orduan baina emaitza ez da mugitu.

Bigarren zatian Eibar berdinketaren bila ahalegindu da. Joko zuzenago baten bitartez, aurkako zelaira iristen saiatu dira baina madrildarrak sendo aritu dira defentsa lanetan eta errenta mantentzea lortu dute. Hala, Eibarrek denboraldiko bigarren porrota jaso du gaurkoan bederatzi jardunaldiren ostean.