Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak Gasteizko Aurreraren aurka berdindu du (2-2)

Armaginek puntu bakarra eskuratu dute arerio sendo baten etxean eta lider jarraitzen dute Alavesekin batera

Emakumezkoen lehen taldeak Gasteizko Aurreraren aurka berdindu du Ligako hamaikagarren jardunaldian. Neurketa zaila izan da Telletxeak zuzentzen duen taldearentzat eta amaieran puntu bat gehitzea lortu dute, Alavesekin batera, sailkapeneko lehen postuan jarraitzeko. Idoia eta Honoka izan dira gaurko golegileak.

Ez da modurik onenean hasi neurketa. Ordu erdia bete denean etxeko taldea markagailuan aurreratu da penalti puntutik. Armaginen erreakzioa, ordea, berehalako izan da eta baloia jokoan jarri bezain lastera Idoiak norgehiagoka berdintzea lortu du atsedenaldia ate joka zenean.

Bigarren zatia hasi eta berehala egin du Eibarrek bat eta bikoa. Honoka japoniarra izan da golegilea. Merezitako saria zen eibartarrentzat. Zoritxarrez, neurketa amaitzeko ordu laurdena falta zenean, etxeko taldeak binakoa lortu du eta amaieran puntu banaketa egon da.

Eibarrek denboraldiko bigarren berdinketa lortu du beste astebetez sailkapenaren goikaldean jarraitzeko. Izan ere, Alavesek ere bere lehia berdindu du eta hori dela eta, lidertzan jarraitzen dute bi taldeek 29 punturekin. Datorren astean Oliver jasoko dute etxean Telletxearen neskek. Norgehiagoka ostegunean izango da 15:30ean.