Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak Gasteizko Aurrera hartu du mendean (5-1)

Atzetik hasi diren arren, eibatarrak aise nagusitu dira gasteiztarren aurka

Emakumezkoen lehen taldeak Gasteizko Aurrera hartu du mendean Ligako 24. jardunaldian. Jordi Telletxearen neskek garaipen berria eskuratu dute etxean nahiz eta lehia ez den nahi zuten bezala hasi. Izan ere, lehen ordu laurdena bete denean, talde gasteiztarra markagailuan aurreratu da Elene Errastiren bitartez. Horrek erantzunaren bila lanean jarri ditu eibartarrak.

Erreakzioa minutu batzuk beranduago iritsi da, ordea. Hogeita hamargarrenean, Sheilak berdinketa ezarri du markagailuan. Aurrelariak ederki gainditu du Pérez atezaina. Handik gutxira, Michik gol ikusgarria egin du eibartarren alde eta markagailua iraultzea lortu du. Ondoren, atsedenaldirako gutxi falta zenean, Sheilak hirugarrena egin du eta lehia bideratuta utzi du bigarren zatirako.

Bigarrenean, armaginak gehiago izan dira. Aurkariak behera egin du nabarmen eta Tellletxearenek etekina ateratzen jakin izan dute. Hala, Inesek errenta handitzea lortu du laugarrena eginez, eta ostera, Arenek amaierako bost eta batekoa egin du gol festari bukaera dotorea emateko.