
Emakumezkoen lehen taldeak garaipena lortu du Iberdrola Ligako lehen neurketan (1-0)
Armaginak Real Betisen aurka gailendu dira Jujubaren golari esker
Emakumezkoen lehen taldeak garaipena lortu du Iberdrola Ligako lehen neurketan. Armaginek hiru puntuak eskuratu dituzte Betisen aurka, Jujubaren gol bati esker. Amestutako hasiera izan da Iker Dorronsorok zuzentzen duen taldearentzat.
Denboraldiko lehen partidari ez zaio emoziorik eta borrokarik falta izan. Eibarrek oso lehiakor aritu da lehen minututik. Aurkariaren kalitateari presioaren eta bultzadaren bidez aurre egiteko asmoz ekin diote eibartarrek. Dorronsororen neskek talde andaluziarraren joko konbinatiboa zaildu dute eta kontrako zelaian baloiak lapurtzen saiatu dira.
Garaipenaren gola lehen zatiaren amaieran iritsi da. Llompartek jaurtitako falta batean, eibartarren lehen errematea langan jo du. Baina aldaratzea Jujubari erori zaio eta honek ez du barkat. Atzelariak taldea aurreratzea lortu du. Lehenago, Adulek abagune paregabea egin du baina jaurtiketa gora joan zaio.
Bigarren zatian, armaginek lan handia egin behar izan dute aurkaria Malenaren atetik aldentzeko. Hala ere, Dorronsororen taldeak kontraerasora lehia erabakitzeko aukera izan du. Hasteko, Llompartek zuzendutako kontraeraso azkar baten bitartez. Ruth Alvarezek ere bigarrena sartzeko abagunea izan du, Meline geldiketa bikain batera behartu duen burukada batean.
Azken txanpan, Thembiren azkartasunari esker, behin baino gehiagotan iritsi dira helmugara etxekoak, baina ez dute asmatu. Betisek ere partida berdintzeko aukera izan du azken minutuetan, baina Malenaren esku salbatzaile batek eta taldeak defentsan egindako ahalegin handiak hiru puntuak etxean geratzea ahalbidetu dute.