Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu du AEMen aurka (2-1)

Armaginek markagailua irauli behar izan zute lehen hiru puntuak gehitzeko

Emakumezkoen lehen taldea LLeidako AEM taldeari gailendu zitzaion Ligako hirugarren jardunaldian. Armaginek denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Kataluniako taldea gainditu eta gero. Ez zen partida erraza izan, ordea. Dorronsororen neskek lan andana egin behar izan zuten Soláren gola iraultzeko. Gantxegiren bi golei esker hiru puntuak etxean gelditu ziren azkenean.

Eibar lehia hasieratik gailentzen ahalegindu zen erritmo altuaren bitartez. Kanpoko taldea bere zelaira bultzatu zuen. AEM kontraerasora jokatzen saiatu zen. Lehen zatiaren erdialdean, Honokak abagune garbia izan zuen taldea aurreratzeko baina atezainak geldiketa bikainarekin baloia kornerrera bidali zuen. Talde kataluniarra izan zen markagailuan aurreratzen lehena. Solák huts eta bateko ezarri zuen penalti marratik.

Eibarrek, ordea, berehalako erantzuna izan zuen. Atsedenaldira iritsi baino lehen berdinketa ezarri zuen Gantxegik geldikako jokaldi baten ondorioz. Atzelariak ederki burukatu zuen bigarren zutoinean eskuin hegaletik ateratako falta.

Bigarren zatian, eibartarrak garaipenaren bila irten ziren. Armaginak gola bilatu zuten une oro eta azkenean, saria jaso zuten. Berriro ere Gantxegi izan zen golegilea. Atzelaria lehiako protagonista bilakatu zen. Bere bi golek denboraldiko lehen garaipena eman diote Dorronsorok zuzendutako neskei.