
Emakumezkoen lehen taldeak 1-3 galdu du Sevillaren aurka
Eibarrek 1-3 galdu du Sevillaren aurka Ligako hemeretzigarren jardunaldian. Armaginek ezin izan dute etxean zeramaten dinamika ona mantendu. Dorronsororen neskak, hiru puntuak Unben geratzeko asmoz atera dira zelaira. Horrela, partidako lehen minutuetan gol aukerak sortu dituzte eta presio altua egin dute. Lehen gol aukera Sara Navarrok izan du 10. minutuan areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean. Minutu batzuk beranduago, Sara Navarrok berak, bigarren saiakera bat burutu du, baina areaz kanpotik egindako jaurtiketak zutoinean jo du.
Dorronsororenak lehian jarraitu dute, baina Sevilla izan da markagailuan aurreratu dena. Carla Armengolek aurreratu du bere taldea 45. minutuan. Bigarren zatiko lehen minutuetan, Payne, Sevillako jokalariak, bigarrena lortu du kanpokoentzat Claudia Pinaren pase on bati esker.
Armaginek ez dute burua jaitsi eta markagailuan hurbiltzeko ahalegina egin dute. Lehen aukera garbia, Nokok izan du buruz egindako erremate batean, baina Noelia Ramos atezainak gola ekidin du. Minutu batzuk geroxeago, 80. minutuan, Eibarrek markagailuko distantzia murriztea lortu du, Thembi izanik golegilea. Dorronsororenak ez dute amore eman eta berdinketaren bila joan dira baina 90. minutuan Maite Albarranek boleaz sartu du hirugarrena sevillarentzat.
Armaginak Deporren aurka jokatuko dute asteazkenean 16:30etan Galizian.