Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldea Pradejoni gailendu zaio Ligako azken jardunaldian (0-2)

Armaginak hirugarren tokian amaitu dute sailkapenean denboraldi ikusgarria egin eta gero

Emakumezkoen lehen taldea Pradejoni gailendu zaio Ligako azken jardunaldian. Armaginek amaiera ezinhobea eman diote denboraldiari hiru puntuak eskuratuta. Hirugarren tokian bukatu dute sailkapenean neskek, Logroño CDEF eta Athletic Cluben atzetik. Sara Tazo eta Idoia izan dira gaurko golegileak.

Neurketa hasiera oso lehiatuta izan da eta ez batak ez besteak ez du lortu zelai erdian nagusitzea. Denborarekin baina, Eibar norgehiagokaren pisua eramaten saiatu da baloi jabetzaren bitartez. Taldea aurkako areara iritsi bada ere, ez ditu abagune garbiak sortu. Bien bitartean, Pradejonek arriskua eraman du geldikako jokaldien bitartez.

Atsedenaldira emaitza mugituko ez zela bazirudien ere, Sara Tazok taldea markagailuan aurreratzea lortu du, bakarkako jokaldi baten ondoren. Golak indarra eman die neskei eta aldageletatik bueltan, bigarrena egitea lortu dute bederatzigarren minutuan. Idoiak ez du barkatu atezainaren aurreran eta sare barrura bidali du baloia.

Aurrez, ordea, etxekoek aukera garbia izan dute berdinketaren gola egiteko. Santanak geldiketa bikaina egin behar izan du Pradejonen gola ekiditeko.

Bigarren goletik aurrera, eibartarrak gehiago izan dira eta maiztasunarekin iristearekin batera, errenta handitzeko aukera andana izan dute. Etxekoen atezainak lan handia izan du hirugarrena saiesteko eta armaginen huts egiteak zirela medio, azkenean markagailua ez da mugitu.

Emaitza honekin hirugarren postuan amaitu dute Liga emakumezkoek. Orain erronka berri bat izango dute; izan ere, hurrengo hilabetean Euskal Kopa jokatuko dute Xuban Peñaren neskek.