Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldea markagailua iraultzetik urrats bakarrera gelditu da (1-1)

Armaginek gehiago merezi izan dute bigarren zati on bat egin ondoren

Emakumezkoen lehen taldeak bana berdindu du Zaragozaren aurka Ligako 13. jardunaldian.  Armaginek ezin izan dituzte aragoiarrak gainditu hiru puntuak lortzeko adina meritu egin badute ere. Dorronsorok zuzendutako neskek Spitlerrek lehen zatian egindako gola berdintzea lortu dute eta bigarrena egitetik oso gertu gelditu dira neurketako azken minutuetan.

Lehia oso orekatuta izan da hasieran. Talde biek errespetuz ekin diote. Baina hamazazpigarren minutuan Zaragozak markagailuan aurreratzea lortu du. Korner baten ondoren, Lana Spliterrek ederki errematatu du bigarren zutoinean eta huts eta batekoa eginez. Eibarrek, bien bitartean, erreakzionatzen ahalegindu da.

Bigarren zatian, Dorronsororen neskak partidaren bila irten dira. Hasi eta berehala, Zaragoza bere zelaian inguratu dute eta lehen abaguneak laster iristsi dira. Napok bi aukera garbi izan ditu geldikako jokaldi ezberdinetan. Ostera, Irantzu lehia berdintzeko zorian egon da baina bere jaurtiketak ihes egin dio. 66. minutuan, berriz, Mar Torrasek zutoinera jaurti du Puyik eskuin hegaletik egindako pasea.

Eibar ondo ari zen eta hala, arauzko denbora amaitzeko bederatzi minutu falta zirela, Xaxak berdinketaren gola eskuratu du. Ostera, aurrelari nigeriarrak markagailua iraultzeko abagune ezinhobea izan du aurkako atezainaren aurrean bakarrik gelditu eta gero. Baina bere errematea Elenak gelditu du eta partida banakoarekin amaitu da.