Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldea liderrari gailendu zaio Lezaman (0-2)

Armaginek prestigiozko garaipena lortu dute Irantzuren eta Marren golei esker

Emakumezkoen lehen taldea Athletic B-ri gailendu zaio Ligako 14. jardunaldian. Armaginek prestigio handiko garaipena eskuratu dute Reto Iberdrolako liderra mendean hartuta. Iker Dorronsorok zuzendutako neskek garaipenaren bidera itzuli dira bost jardunaldi geroago, eszenatoki ezinhobean, eta goiko postuetatik gertu jarraitzen dute.

Era bikainean ekin diote lehiari neskek. Irantzuk taldea aurreratzea lortu du hasi eta berehala. Dorronsororen neskek benetan ondo ekin diote partidari eta zortzigarren minutuan aurretik ziren markagailuan. Handik gutxira, Marrek bigarrena eskuratu du korner batean. Erdilariak dotore errematatu du Honokak ipinitako erdiraketa.

Bigarren zatian, baina, etxeko taldeak markagailuan hurbiltzeko ahaleginak egin ditu. Hala, 60. minutuan, epaileak penaltia adierazi du Athleticen alde. Orduan, Malenaren unea azaldu da. Atezainak geldiketa bikaina egin du armaginen atea hutsean jarraitzeko.

Penalti geldiketak bultzakada garrantzitsua eman dio taldeari. Neskek lanean jarraitu dute sendo, eta azkenean markagailua bere horretan gelditu da. Eibarrek hiru puntu gehitu ditu bost jardunaldi beranduago eta sailkapenean goiko postuetatik gertu jarraitzen du.