Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen lehen taldea EH Kopako finalaren atarian gelditu da

Arauzko denboran bana berdindu eta gero, armaginek penaltietan galdu dute

Emakumezkoen lehen taldeak era krudelean galdu du Athletic-en aurka Euskal Herriko Kopako IX. Edizioko bigarren finalaurrekoa. Armaginek finala gertu izan dute, oso lehiakor aritu dira Iberdrola Ligako talde onentsuenetariko baten aurka, baina markagailuan aurreratu ostean, zurigorriek berdinketa lortu dute neurketako azken jokaldian. Hala, kanporaketa penalti marratik erabaki da. Bertan, Athletic nagusi izan da.

Jordi Telletxearen neskek partida borobila egin dute. Lehen zati lehiatu baten ostean, atsedenaldira aurretik joan dira, Irantzuk 44. minutuan egindako golari esker. Bigarren zatian, armaginak ongi eutsi diote errentari, baina garaipena gertu zela zirudienean, kolpe latza jaso dute. Valdezatek berdinketaren gola eskuratu du eta norgehiagoka penaltietan erabaki da.

Bertan, etxekoak nagusi izan dira. Lehen jaurtiketa huts egin duten arren, hurrengo lauetan bete betean asmatu dute eta gauzak horrela, armaginak finalerako txartelik gabe utzi dituzte. Edonola ere, txalotzeko partida egin dute Telletxearen neskek.