Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumezkoen Eibarrek hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu gol zaparrada baten bitartez

7-0 garaitu du Nuestra Señora de Belén eta zonalde lasaiean kokatu da, jaitsiera postuetatik 8 puntura

Eibarren emakumezkoen lehen taldeak 7-0 garaitu zuen Nuestra Señora de Belén Unben, eta hiru puntu garrantzitsu lortu zituen, jaitsiera postuetatik 8 puntura kokatzen dutenak, Emakumezkoen Bigarren Mailako 2. Multzoko liga amaitzeko 7 jardunaldi geratzen direnean.

Armaginak lehen minututik izan ziren nagusi, eta partida kontrolpean izan zuten hasieratik bukaerara. 21. minutuan, Irati Lazkano aurrelariak area barnean kontrola egin eta bere jaurtiketa sarera bidali zuen, ezkerraldetik sortutako jokaldi baten ondoren. Etxekoek aukera gehiago izan bazituzten ere, atsedenaldian 1-0 erakusten zuen markagailuak.

Bigarren zatian, Eibar partida lehen bait lehen erabakita uzteko gogoz irten zen, aurreko jardunaldietan gertaturikoa ekidin asmoz. 50.ean, Melanik atezain aurkaria aurreratuta ikusi eta urruneko jaurtiketa baten bidez egin zuen gola.

Armaginak nagusi ziren, eta 56.ean partidaren gakoa heldu zen. Area barruko aldaratzea Irati Lazkanok profitatu zuen, atera bortizki jaurti eta defentsa aurkari batek eskuarekin gelditu zuen. Penaltia eta txartel gorria. Melanik sartu zuen penaltia.

Momentu honetatik aurrera, partida erabat erabakita zela eta jokalari bat gehiagorekin, Eibarren aukerak eta golak etorri ziren, 7-0-ekora iritsi arte. Bereziki hunkigarriak Haizea Riberak sarturikoak (bosgarrena eta zazpigarrena), 5 hilabete min hartuta egon ostean bueltan baita, belauneko lesio baten ondorioz.

Eibarren hamaikakoa: Iratxe, Naiara, Olatz (Ariane, min.64), Alaitz, Irune, Ainhoa Larruskain (Ane Egaña, min.71), Melani, Maitane (Alaine Marcos, min.74), Irati, Ainhoa Alonso (Haizea Ribera, min.60), Haizea Lomba.

Golak: 1-0: Irati (min.21). 2-0: Melani (min.50). 3-0: Melani (min.56). 4-0: Haizea Lomba (min.57). 5-0: Haizea Ribera (min.81). 6-0: Ane Egaña (min.82). 7-0 Haizea Ribera (min. 89).