Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Emakumeen taldea Euskal Kopako final-laurdenetara

Armaginek 2-5 irabazi zuten Erandion eta finalerdietarako sailkapena lortzen saiatuko dira Barakaldoko Pauldarren kontra

SD Eibarren emakumeen taldeak Euskal Kopako final-laurdenetarako sailkatzea lortu du Erandio Betiko Neskak taldeari 2-5 irabazita, Erandioko San Lorenzo zelaian jokatutako partidan.

Jokalari asko etxean utzita joan ziren armaginak Erandiora. Izan ere, laura Prieto, Ainhoa Bilbao eta Haizea Riberaren epe luzeko lesioei Irune Jimenez eta Irati Lazkanoren arazo muskularrak batu zaizkie.

Partida hasieran nagusi izan ziren armaginak, eta arriskua sortzen zuten Melanik Ainhoa Alonsori bidalitako sakoneko paseen bidez. Azken horrek armaginak aurretik jartzeko aukera bat baino gehiago izan zituen. Erandiok aukera bat izan zuen ere kontraerasoan, baina Miriam Sanchez atezainak baloia gelditu zuen, lehen taldearekin jolasten duen aurreneko partidan. 

Hortik aurrera armaginak aukerak sortu eta sortu ibili ziren eta, hegaleko barneraldi batean, Ainhoa Alonsoren erdiraketa pozoitsu bat urrundu nahian bere atean sartu zuen gola Erandioko defentsa batek. Félix Recioren neskek atsedenaldiaren aurretik partida erabakitzeko adina aukera izan zuten, baina emaitza 0-1ekoa zen lehen 45 minutuak amaitu zirenean.

Bigarren denbora hasi eta gutxira, epaileak penaltia adierazi zuen area barnean baloia eskuarekin ukitzegatik, eta etxekoek ez zuten aukera alferrik galdu, Miriam atezaina 11 metrotik botatako jaurtiketa gelditzeko zorian izan zen arren. Jokaldi hori eta minutu batzuk beranduago, Melanik erdiratutako alboko falta-jaurtiketa bat Ainhoa Alonsok hartu zuen, eta galdutako abantaila berreskuratu zuten armaginek.

Hortik aurrera, etxekoak arriskuak hartzen hasi ziren eta Haizea Lombak, baloia zelai-erdian hartu eta korrikaldi ederraren ondoren, ondo baino hobetu amaitu zuen jokaldia atezainaren aurrean eta 1-3koa lortu zuen. Bazirudien armaginek partidua kontrolpean zutela, baina etxekoek jaurtiketa arriskutsu bat egin zuten. Miriam atezainak geldiketa bikaina egin zuen, baloia kornerrera bidaliz. Handik gutxira, hegaletik barneratu zen Erandioko jokalari bat eta area txikian utzi zuen baloia pase batez. Miriamek lehen jaurtiketa gelditzea lortu zuen, baina baloia Erandioko aurrelariarengana joan zen eta horrek ez zuen huts egin, 2-3koa lortuz.

Armaginak intentsitate handiagoz jolasten hasi ziren partidaren azken minutuetan eta Melanik, bi atzelari atzean utzi eta gero, jaurtiketa bikaina egin zuen atezainaren aurrean bat baten kontra geratu zenean, 2-4koa lortuz. Partidaren amaiera aldean Ainara Juaristik azken gola egin zuen (2-5).

Garaipen horren ostean, armaginak final-laurdenetan dira. Hurrengo asteburuan izango da partida Barakaldon, Bigarren mailako Pauldarren aurka.

Eibarren hamaikakoa: Miriam; Naiara, Alaitz,Olatz, Yaiza, Ainhoa Larruskain, Maitane, Melani, Alaine, Haizea Lomba, Ainhoa Alonso.  Aldaketak: Ariane, Ane Egaña eta Ainara Juaristi.