Skip to main content
EU
Kluba

Emakumeen lehen taldeak omenaldia jaso du aurtengo ibilbideagatik

Armaginek mailari eustea lortu dute eta Euskal Kopako txapeldunordeak izan dira

SD Eibarreko emakumeen lehen taldeak omenaldia jaso du gaur Ipuruako palkoan, aurten egindako ibilbideagatik.

Bigarren mailan izan diren aurreneko denboraldian, armaginak hamargarren geratu dira eta mailari eusteko helburua lortu dute. Gainera, Euskal Koparen amaierara arte heltzeko gauza izan dira. Aurreko larunbatean jokatutako finalean, Añorga gailendu zitzaien penalti-jaurtiketetan, partida banako berdinketarekin amaitu ondoren.

Ekitaldian, Klubeko presidente Amaia Gorostizak «zorionik beroena» eman zien jokalariei eta talde teknikoari, «Klub guztiaren izenean, egin duzuen denboraldi bikainarengatik».

«Plantilla honetako kide zaretenontzat maila berri bat zen hau. Halere, mailari eustea lortu duzue eta oso denboraldi ona egin duzue Euskal Kopako txapeldunorde geratuta».

«Jakizue oso harro gaudela zuetaz guztiotaz. Animoak ematen dizkizuet, denboraldi on hau datorren urteari ere gogotsu ekiteko pizgarria izan dadin. Ziur egon zaitezte Kontseilu hau zuen alde egongo dela eta zuen garaipenak eta porrotak gureak ere izango direla».

Mikel González Klubaren oinarrizko futbolaren arduradunaren hitzaldiaren ondoren, sariak jaso zituzten jokalari batzuek: Ane Egañak (Jokalari Eredugarria, bere adiskideek hala hautatuta), Naiara Letek (Lan Onari, entrenatzaileek hala hautatuta) eta Irati Lazkanok (Euskal selekzioan izan duen parte-hartzeagatik).