Skip to main content
EU
Kluba

Eibarrek bere estamentu guztien batasun irudia erakutsi du playoffari begira

Presidenteak, kirol-zuzendariak, entrenatzaileak eta kapitainak batera emandako prentsaurrekoa

Eibarrek bere estamentu guztien batasun irudia erakutsi du igoerako playoffari begira, Ipuruan elkarrekin egindako prentsaurrekoan.
Agerraldian parte hartu dute Amaia Gorostiza presidenteak, César Palacios kirol-zuzendariak, Gaizka Garitano entrenatzaileak eta Anaitz Arbilla kapitainak.

AMAIA GOROSTIZA
“Klubeko lau estamentuak ordezkatuta gaude: Administrazio Kontseilua, Kirol Zuzendaritza, talde teknikoa eta plantilla. Esan nahi dizuet, nahiz eta ez dugu igoera zuzena lortu, guk lortu dezakegula uste dugula. Zoritxarraren aurrean hazten dakien talde handi bat dugu, eta hala erakutsi du eta erakusten jarraitzen du”.
“Talde honetan sinesten dugu eta ez nuke nahi inork talde honen ahalegina, entrega eta konpromisoa zalantzan jartzea, guk ez dugu zalantzarik. Mundu guztiari, zaleei, komunikabideei eta, oro har, guztiei animatzen diet taldea anima dezagun, orain arte egin den bezala, gure ilusiorik handienarekin aurre egingo diogun aukera handi hau daukagunean”.
“Klubaren barruan dagoen batasunaren erakustaldia egin nahi genuen, eta egoera honi denok batera aurre egiten ari garela erakutsi, plantillan eta talde teknikoan dagoen konfiantza kanpokoari erakutsi, eta une honetan gure atean dugun aukera handi honekin indartsu eta ilusioz gainezka gaudela erakutsi, igoerako playoff bat jokatzearekin, alegia. Osorik jarraitzen dugu, bizirik jarraitzen dugu eta ziur gaude lortuko dugula”.


CÉSAR PALACIOS
“Batasun eta indar mezua helarazi nahi dugu. Hiltzat eman gaitzakete, baina bizirik gaude borrokatzeko. Kolpe gogorrak hartu ditugu, zuzenean igotzeko aukera izan dugu eta ihes egin digu. Guk bilatu dugulako izan dugu aukera hori. Orain aukera bat dugu, bere horretan jarraitzen duena, igotzeko borrokatu ahal izateko. Playoff bat dago, esperientzia ikaragarria, eta klub gisa, talde gisa, denok batera bezala, munduko ilusio guztiarekin eta indar guztiarekin egin behar diogu aurre, eta talde honetan sinetsi”.
“Eskerrak eman behar dizkiet zaleei denboraldi osoan zehar emandako babesagatik, gurekin batera joan direlako. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu teknikariei eta jokalariei, ahalegin ikaragarria egin dutelako. Oraingoz % 25eko aukerak ditugu, borrokatu egin behar da, azkenean bere saria izango duen lanean sinetsi. Kolpearen ondoren, guztion lanak eta batasunak ahalbidetuko dute geratzen diren bost partidu horietara joatea”.

 

GAIZKA GARITANO

“Eskerrak eman nahi dizkiet zaleei denboraldi guztiagatik, jendearen laguntza sentitu dugu partidu  guztietan. Oraindik aukera guztiak ditugu igotzeko, kriston ilusioa daukagu, batuta gaude eta uste dut danon artean  posible dan eta lortuko dugula. Oraindik gure esku dago eta saiatuko gara hemandik bukaera arte”.

“Huescako partidua oso garrantzitsua da gauza askogatik, ez bakarrik postuagatik, batez ere bolada txarra bukatzeko eta liga garaipen batekin bukatzeko”.

ANAITZ ARBILLA

“Inoiz baino elkartuagoak gaude eta hala jarraituko dugu bukaera arte. Guk asko sinisten dugu helburuan eta nola lortuko dugun. Espero dugu playoff honetarako kriston ilusioarekin sartzea. Ikusi dugu ze giro mota euki dugun azkenengo partidutan eta espero dugu gurekin egotea azkenera arte. Talde honek merezi du ta espero dut lortzea eta horretarako lan egingo dugu”.

“Aukerak ditugu, bizirik gaude eta mezu hori bidali nahi dugu. Denak elkarrekin gaude honetan, sinisten dugu igoera honetan eta azkenera arte borrokatuko dugu. Espero dugu asteburu honetan partidua irabazi eta sentsazio positiboekin playoff honetara joatea”.