Skip to main content
Kluba

Ekialde Tribunaren obrak maiatzan hastea espero du Eibarrek

1.100 eserleku berri, lurrazpiko aparkalekua eta museoa izango dira berrikuntza nagusiak, beste hainbat instalazioren artean

There are no reactions yet. Be the first!

Eibar Kirol Elkarteak, gaur Ekialde Tribunan eskainitako prentsaurrekoan, Ekialde Tribunaren eraistea datorren maiatzan hasiko dela aurkeztu du.

Gaur argitaratutako kronogramaren arabera, eraikuntza-lanak aurtengo denboraldian Ipuruan jokatuko den azken partidaren ondoren hasiko dira (maiatzaren 8an, Real Betisen aurka), eta harmaila berria urtarrilan egongo da prest, gutxi gorabehera. Obra osoa 2017ko Aste Santurako izango da prest.

Klubaren Presidentea den Alex Aranzabalek prentsaurrekoan adierazi duenez, obraren kostua 3,2 milioi eurokoa izango da (zergen aurretik), hasiera atean Klubak bere dirutik ordainduko duena, gaur arte ez baita finantzaketan parte hartuko duen erakunderik agertu.

1.100 eserleku berri izango ditu Tribuna berriak, beraz, behin martxan jarritakoan, Ipuruaren edukiera 7.400 ikuslekoa izango da.

Gaur egungo Ekialde Tribuna 70. hamarkada hasieran eraiki zen, Mendebalde Tribunarekin batera, 50. hamarkada amaierako hormigoizko harmailak oinarri hartuta. Azken harmaila hauek gerra zibilean bertako etxeen bonbardaketetan sorturiko hondakinen gainean eraiki ziren, eta hondakin haiekin lursaila ere berdindu zen, 1947an zelaia eraiki ahal izateko.

Etorkizuneko instalazioen abantailen artean, 2 metro irabaziko zaizkio gaur egungo fatxada lerroari, beraz, 191 m2 gehiago izango ditu espaloiak. Ikuspena hobetu egingo da, sabaia eusten duten zutabeak kenduko baitira, bere buruari eusten dion sabai bat eraikitzeko (Ipar Tribunakoaren modukoa). Erabilerraztasuna hobetuko da, mugimendu murriztua duten pertsonek partida hobeto ikusi ahal izateko plataforma bat izango du, igogailua, estadiora sarrera errazagoa (Ekialde Tribunan hiru ate, beren tornuekin, eta Ipar Tribunan sarrera berria, tornuekin). Segurtasuna ere hobetuko da, Tribunaren irtenarazte azkarragoa ahalbidetuz, 4 bomitorio berriren bitartez.

Ipuruak zelai ingeles estiloa mantenduko du, baina XXI. mendera egokitutako instalazioekin, erabiltzaile esperientzia eta ekipamenduaren kalitatea hobetuz.

2015eko abendua eta 2016ko otsaila bitartean, Klubak hainbat bilera parte-hartzaile egin ditu obren eragina jasango duten bizilagunekin. Horrez gain, euren postontzietan obren inguruko informazioa banatu zaie.

Peñekin eta Ekialde Tribunaren gainontzeko erabiltzaileekin ere egin dira bilerak (Eskozia la Brava, Mandiola Laguntaldea, Gatzato eta beste batzuekin).

Bileretan, Ekialde Tribunaren proiektuaren inguruko informazioa eman eta zalantzak argitzeaz gain, Klubak iradokizunak eta kexak jaso ditu, eta horietako batzuk proiektuan txertatu dira, hala nola, Tribunaren altuera ia bi metrotan jaistea, partidu eguneko aparkalekuaren arazoa lurrazpiko aparkaleku batekin konpontzea, edo bomitorioak bostetik laura pasatzea, ate atzean eskailerarik egon ez dadin.

Obra honekin paraleloan, Ipuruan zirkuitu turistiko bat martxan jartzea espero da, interes turistikodun Eibarko tokiekin sinergiak sortuko dituena eta kanpora begira hiriaren irudia hobetuko duena.