Skip to main content
EU
Kluba

Eibarrek Sevilla Kopako txapelketan kanporatu zuenekoa

1986an, Bigarren B Mailara igo berria zen talde armaginak andaluziarrak gainditu zituzten Ipuruan, partida bakarrera

Kopako txapelketan lortutako lehen lorpen entzutetsua 1986-1987ko denboraldian gertatu zen. Eibarrek Sevilla kanporatu zuen Ipuruan, neurketa bakarrera.

Alfonso Barasoainek entrenatzen zuen taldeak maila berriari ekin zion urte hartan. Aurreko denboraldian, play offeko azken kanporaketan Badajoz mendean hartu eta gero, 2.B mailara salto egitea lortu zuen, 28 urtez Hirugarren mailan eta Preferenten ibili ondoren.

Kopako edizio hartan kanporaketak partida bakarrera jokatu ziren final zortzirenetara iritsi arte.

Igoeraren ilusioa zela medio, Eibarrek Durangoko Kulturalari penaltietan irabazi zion lehen kanporaketan Tabiran (4-3). Bigarren neurketan, aldiz, Eibarrek Sestao Sport gainditu zuen (2-1) Ipuruan.

Patuak hirugarren errondako zozketan Eibarrek Sevilla, Lehen Mailako talde historikoa, jasotzea nahi izan zuen.

Kanporaketa 1986ko urriaren 22an jokatuko zen. Jokatu aurreko Ligako jardunaldian, hirugarren tokian zen Eibarrek, bere neurketa aurreatu zuen larunbatera, atsedena hartzeko denbora gehiago izateko. Armaginek golik gabe berdindu zuten Almeriaren aurka Ipuruan.

Bien bitarten, Sevilla Atletico Madrid gainditzetik zetorren eta zuen ia aldaketarik egin armaginen aurka jokatzeko. “Taldeak nahi nuen maila lortu du, eliminazioa ez da aukera bat”, adierazi zuen Jack Wallace Sevillako entrenatzaileak partidaren arestian.

Sevillako espedizioa norgehiagokaren bezperan bidaiatu zuen. Donostian lo egin eta hurrengo goizean  Realaren instalakuntzetan entrenatu ziren.

Ipurua beteta zegoen. Orduko edukiera zenbatekoa izan zen jakitea zaila bada ere, kalkulatzen da 6.000 eta 10.000 pertsona artean bildu zela.

Ohorezko sakea Coria del Rio-ko alkateak egin zuen. Izan ere, aurreko denboraldian igoerako promozioko azkenaurreneko kanporaketa bertan jokatu zuen Eibarrek.

Honakoa izan Barasoainen hamaikakoa: Garmendia, Altuna, Arrue, Carrillo (Ballesteros), Roberto, Ribera, Gómez de Segura, Campos (Azkargorta), Fuentes, Luluaga eta Hidalgo.

Neurketa hutsean amaitu zen eta lehia eibartarren alde erori zen luzapeneko bosgarren minutuan “Pajarito” Gomez de Segurak egindako golari esker. Robertok area ertzetik atera zuen falta, Miguel Fuentesek Fernando atezainarekin salto egin eta lurrean gelditu zen baloia Gomez de Segurak sareratu zuen.

Neurketa osoan zehar, zaleen babesa aparta izan zen. Batez ere, La Bombonera laguntaldeak sortzen zuen giroa zela eta. Garai onak bizi zituen, 2.B mailarako bidean protagonismo handia hartu zuen.

Historian lehen aldiz, Eibarrek Lehen Mailako taldea hartu zuen mendean. Baita lehen aldiz ere, Kopako final zortzirenetara iristea lortu zuen (izan ere, laugarren erronda jokatzetik libre gelditu zen). “Edonorren aurka irabazi dezakegu”, esan zuen Alfonso Barasoainek.

Partidaren ostean, Zaragozako jokalaria zen Juan Señorrek egindako adierazpenetan, aitortu zuen Francisco Sevillako jokalariari emandako abisua.

Espainiako selekzioarekin egindako kontzentrazio batean, Señorrek zera ohartarzi zion: “En Eibar hay dos campos, uno el de Ipurua y el otro Campos, que es quien me cubrió el pasado año. ¡Ándate con cuidado con él!”. Zaragozak Eibar kanporatu zuen 85-86ko Kopa txapelketan eta Ramon Campos eibatarrak neurketa nabarmena egin zuen Señor defendatzen.

Final zortzirenetako kanporaketa Realaren aurka jokatu zuen. Donostiarrek bi garaipen lortu zituzten emaitza berdinarekin (2-0). Ipuruako neurketa, datu ofizialik ez bada ere, zale gehien bildu zuen neurketatzat hartzen da. Kalkulaten da 10.000 ikusle bildu zirela gehiengoa zutik.

Sevillaren aurkako lehiaren diru-bilketa 3.700.000 pezetakoa izan zen. Gastuak tarteko, 2.200.000 pezeta banatu ziren bi taldeen artean. Horrez gain, ETB-k 750.00 pezeta eman zion talde bakoitzari ordu berdinean jokatu zen Beveren-Athletic neurketa emateagatik.

Norgehiagoka jokatu eta hilabetera, Chuchi Hidalgo hegaleko jokalaria Koruñako Deportivora transferitua izan zen.

Orduko taldean lau eibartar ziren: German Albistegi eta Aitor Ibañez atezainak; Josemi Egaña hegalaria eta Ramon Campos erdilaria. Ibañezek bost minutu jokatu zituen soilik urte hartan, Ligako azken neurketan Garmendiaren espulsioagatik. Billabonako atezaina hasieratik aritu zen Ligako 42 neurketetan eta Kopako 5etan.

Eibarrek zazpigarren tokia eskuratu zuen denboraldia hartan eta hurrengoan, berriz, 2. mailara igoera lortu zuen. Golegile nagusia “Pajarito” Gomez de Segura izan zen, hamaika gol egin zituen. Bigarrena, Miguel Fuentes izan zen (ostera Realeko jokalari eta presidentea izandakoa) bederatzirekin.

Datu hauek, SD Eibar Fundazioko Patronatuko kidea den Jesus Gutierrez historialariarengandik eskuratu dira.