Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek seigarren eta Europako postuetan amaitu du lehen itzuli zoragarria

Espanyolen aurkako 2-1eko garaipenari esker, talde armaginak 30 puntu ditu, denboraldi hasieran ezinezkoa zirudien arren

RCD Espanyolen aurkako 2-1eko garaipenarekin, SD Eibarrek lehen itzuli zoragarria borobildu du gaur eta 30 punturekin seigarren kokatu da sailkapenean, hau da, Europa Liga jokatzeko txartela ematen duten postuetan, jaitsiera postuetatik 15 puntura.

Takashi Inuik eta Borja Bastónek (penaltiz) egindako golei esker (japoniarraren lehenengoa izan da Ligan), armaginak gune pribilegiatu batean mantentzen dira, eta bigarren itzuliari aurre egiteko egoera paregabean daude, betiere Lehen Mailan jarraitzeko helburuarekin.

Oso erasokor ekin zion Eibarrek neurketari, hegaletako abiaduraz baliatuz, aurkaria gainditzeko asmoz. Nagusitasunarekin batera, Takashi Inuiren gol zoragarria ailegatu zen; hain zuzen ere, japoniarrak Eibarren elastikoarekin egindako lehena. Gola 14. minutuan gertatu zen: japoniarrak Borjaren pasea jaso, jaurtitzeko lekua bilatu eta eskuinez eta gurpil handia emanez, bi defentsaren artean pasatu, eta beste aldeko eskuairatik sartu zen zartakoa bidali zuen. Bere emazteak eta semeak, Eibarren bisita egiten zeudenak, pozaren pozez ospatu zuten gola.

Hala ere, armaginen alaitasuna azkar bukatu zen; 21. minutuan, Jordanen jaurtiketa Pantic-en jo zuen eta Asier Riesgok defendaturiko ate barrura joan zen. Espanyol areara hurbiltzen zen lehenengo aldia zen.

Atsedenaldira iritsi baino lehen bigarrena egiteko abagune ezin garbiagoa izan zuen Borja Bastonek, baina kale egin zuen. Lunaren pasea jaso eta area-txikian, Pau Lópezen aurrean bakar-bakarrik, kanpora jaurti zuen.

Bigarren zatian, norgehiagoka pixka bat erotu zen, bi taldeek abiaduraz baliatzeko asmoz zelairatu zirelako. Gauzak horrela, talde kataluniarrak aukera argia izan zuen 63. minutuan, baina Hernán Pérezen jaurtiketak zutoina jo zuen.

Hiru minutu geroago, Inuiren jokaldi dotore baten ostean, aldaratzea Sergi Enrichi ailegatu zitzaion eta honek, bakar-bakarrik, kanpora bidali zuen baloia. Ordura arte abagunerik garbiena izan zen hau.

Dena den, ez zuten asko itxaron behar izan zale armaginak bere taldearen bigarren gola ospatzeko. Inui berriro ere ezker hegaletik area barruan sartu zen, baina falta jaso zuen. Epaileak penaltia adierazi zuen. Borja Bastónek egin zuen gola.

Azkenengo minutuetan, kontraerasoen bitartez, partida guztiz erabakita uzteko abaguneak izan zituen Eibarrek, Espanyol ez baitzen armaginen presioa gainditzeko gai. Partidua bukatu bezain laster, zoramena hasi zen zelaian eta harmailetan. Jokalariek zaleekin ospatu zuten lehen itzuli ikusgarri hau itxi duen garaipena. Lehen Mailan jarraitzeko helburua hurbilago dago.

19 partidatan 30 puntu lortu ondoren, eta sailkapeneko seigarren postuan egonik, asko ziren ametsetan ez ote zeuden pentsatu zutenak.