
Eibarrek sei puntu irauli zituen 89-90 denboraldiko azken zortzi jardunaldietan Bigarren Mailan mantentzeko
Alfonso Barasoainen taldeak iraultza gogoangarria gauzatu zuen azken jardunaldian
Eibarrek sei puntu irauli zituen 1989-1990 denboraldiko azken zortzi jardunaldietan eta Bigarren A Mailan mantendu zen garaipenek bi puntu balio zuten garaian.
Alfonso Barasoainek entrenatutako taldeak azken jardunaldian lortu zuen salbazioa, RCD Espanyolen zelaian 2-3 irabazita.
Azken jardunaldia hasi aurretik 34 puntu zituen Figueresek, 33 Racingek eta 32 Eibarrek. Racingek goal-averagea irabazi zion Eibarri (0-2 Ipuruan eta 1-0 Sardineron). Hori dela eta, armaginek garaipena behar zuten, baita Racingek edo Figueresek haien partidak galtzea.
Figueresek 1-0 irabazi zuen, Racingek 1-3 galdu zuen eta Eibarrek 2-3 irabazi zuen. Gauzak horrela, armaginak jaitsieratik kanpo geratu ziren. Denboraldi osoan, soilik lehen jardunaldia eta azken jardunaldiko azken hamabost minutuetan lortu zuen postu haietatik kanpo egotea.
Bigarren denboraldia zen 2A mailan eta partida bukatzean Alfonso Barasoainek adierazi zuen ez zuela bere taldearekiko fedea galdu, ezta Eibar azken jardunaldiko atsedenaldian galtzen ari zenean ere.
Denboraldi osoan zehar Eibar jaitsiera postuetan egon zen arren, Barasoainek karguan jarraitu zuen. Laugarren denboraldia zuen armaginen entrenatzaile moduan, bi 2. B mailan eta bi 2. A mailan.
Luluaga izan zen golegile nagusia 8 golekin. Bera sartu zuen eta 0-1ekoa Sarrian 13. minutuan penaltiz. 33 minutuan Pinedak banakoa egin zuen, eta 37. minutuan bigarrena. Atsedenaldian, Racingek hutsean berdindurik zihoan Betisekin eta Espanyolek 2-1 gailentzen ari zen.
Atsedenalditk bueltan erasora atera ziren eibartarrak eta 71 minutuan Bixentek lehia berdindu zuen. 75 minutuan iritsi zen zoramena, Ritxi Arrien gernikarrak 2-3koa sartu zuenean. Bien bitartean, Betisek hiru gol lortu baitzituen 51. eta 70. minutuen artean.
Zale asko Eibar Urko-Alaves gazteen partida Ipuruan ikusten ari zen bitartean jaso zuten Bartzelonako partidan berri. Hura bukatzean poza Eibarko kaleetan barrena hedatu zen: xanpaina, bozinazoak eta oihuak Eibarren eta Betisen alde kalean.
Gainera, Eibarren berrogeita hamargarren urteurrena zen. Partidaren amaieran, Juan Luis Mardaras presidenteak eta Patxi Mutiloa presidenteordeak adierazi zuten denboraldia oso gogorra izan zela zuzendaritzarentzat, eta bereziki haserre zeudela zaleen kritikengatik, baliabide ekonomikoak kalitate handiagoko jokalarietan ez gastatzea leporatu baitzien.
Bartzelonan, 1990eko maiatzaren 27an, honako hau zelairatu zuen Eibarrek: Garmendia, Bautista, Rodríguez, Roberto, Juan Ángel, Bixente, Iraola, Luluaga, Julio, Gallastegui eta Arrien. Atsedenaldian Gomez de Segurak eta Olidenek Gallastegui eta Julio ordezkatu zituzten.
Talde perikitoan ez zuen jokatu N’Konok, Melendez bizkaitarrak baizik. 43 minutu falta zirenean hirugarren atezainak, Echevarriak, ordezkatu zuen.
Eibarrek 16. postuan bukatu zuen 34 punturekin eta Racing Santander (33 punturekin), Castilla (Real Madril B), Recreativo Huelva eta Atletico Madrileño (At. Madril B) taldeak jaitsi ziren. Dena hain berdinduta zegoen, Eibarrek baino bi puntu gehiagorekin bost taldek bukatu baitzuten (Sestao, Figueres, Salamanca, Elx eta Levante).
Ligako azken bederatzi partidetan Racingek sei galdu eta hiru berdindu zituen (3 puntu lortu zituen 18tik). Aldi berean, Eibarrek 4 partida irabazi, hiru berdindu eta bi galdu zituen, 11 puntu lortuz. Azken bost partidetatik, Eibarrek lau irabazi zituen eta bakarra berdindu Burgosen etxean (Miguel Baston zen atezaina, Borja Baston aurrelari ohiaren aita).
Ligako 38. jardunaldian, Eibar jaitsiera postuetan zegoen eta Racing sei puntu aurretik, (garaipenak bi puntu balio zuen). Eibarrek jaitsiera postuetan eman zuen denboraldi osoa, lehen jardunaldiaren ostean izan ezik (berdindu egin zuen). Gainera, azken sailkatua izan zen 13 aldiz, 2. eta 14. jardunaldien artean.
Bigarren A mailako azken jardunaldia jokatu eta hiru egunera, Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak atzera bota zuen Racing de Santanderrek Espanyol-Eibar partida baliogabetzeko egindako eskaera.
Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide den Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.
Argazki-oinak
- José María Luluaga, taldeko goleatzaile Nagusia
- Alfonso Barasoain, entrenatzailea
- 1998-1999 denboraldiko plantilla