Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek RCDE Stadium-en garaipena eskuratu eta matematikoki maila mantentzea lortu du

Garaipenaren bidera itzuli dira armaginak Lombánek egindak golari esker

Eibar Espanyoli gailendu zaio Ligako 33. jardunaldian. Aukera gutxiko neurketa izan bada ere, Mendilibarren mutilek etekin handia ateratzen jakin izan dute Lombanek lehen zatiko hogeita hamabigarren minutuan egindako golari eta zazpi jardunaldi eta gero, garaipenaren bidera itzuli dira armaginak.

Hobeto hasi dute lehia eibartarrek. Baloiaren jabe egin dira laster eta perikitoen ate ingurura iritsi dira. Aukera garbirik sortu ez duten arren, Espanyolen zelaian jokatu da gehienbat lehen zatia.

Lehen ordu erdia betea denean Pedro Leónek area ertzetik jaurtitako baloia Espanyoleko atzelari batean jo eta kornerrera atera da. Erdilariak berak atera du geldikako jokaldia eta Lombánek ate barrura bidali du buruz. Asturiarrak taldea markagailuan aurreratzeaz gain, lehen gola lortu du Eibarreko elastikoarekin.

Bigarren zatian, etxekoek aurrerapausua eman dute eta arriskua eraman dute armaginen area ingurura. Hasi bezain laster, Dmitrovic-ek geldiketa erabakiorrak egin behar izan ditu. Lehen ordu laurdenean, perikitoek aukera garbiak sortu dituzte, Víctor Sánchezen eta Gerard Morenoren bitartez. 

Eibarrek sufritzen badakiela agerian utzi du hasiera horretan eta minutuak aurrera egin ahala, bigarrena egiteko abaguneak sortzen saiatu da. Hirurogeita bigarrenean Alejok jaurtiketa bikaina egin du baina gutxigatik joan da kanpora.

Azken txanpan, Espanyol berdinketaren bila joan da irmotasunez. Horrek Dmitrovicen bertsiorik onena eskatu du. Serbiarrak gelditu ezinhobeak egin ditu beste behin markagailua mugitu ez zedin. Horrela, hiru puntuak eskuratu ditu Eibarrek eta permanentzia matematikoa lortu du.