Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek puntu ona eskuratu du Ciutat de Valencian (2-2)

Markagailuan atzetik joan diren arren, armaginek ez dute amorerik eman eta berdinketa garrantzitsua lortu dute

Eibarrek berdinketa lortu du Levanteren aurka Ligako 29. jardunaldian. Armaginek puntu garrantzitsua lortu dute Ciutat de Valenciara egindako bisitan. Irekia eta alternatibaz betea jizan da bi taldeek jokatutako lehia. Mendilibarrenek, bitan markagailuan azpitik egon badira ere, ez dute amorerik eman eta hala, bigarren zati bikaina tarteko, puntu bat urratzea lortu dute. Escalante eta Enrich izan dira neurketako golegileak.

Etxekoek indarrez ekin diote lehiari. Eibarrek majo sufritu behar izan du lehia hasieran, batez ere Levanteko aurrelarien abiadurarekin. Bosgarren minutuan, Moralesek neurketako lehena lortu du talde granotarentzat. Eibarreko bi jokalari ohi izan dira protagonistak golean. Lunak erdiratu eta Moralesek ez du hutsik egin Dmitrovicen aurrean. Hasierako sentsazio txarrei buelta ematen saiatu da taldea eta hala, geldikako jokaldi batean, Escalantek berdinketa ezarri du markagailuan.

Etxekoek, aldiz, berdin jarraitu dute eta kontraeraso berri batean bigarrena egin dute. Rochina ezkerkada on batez etxekoak aurreratzea lortu du. Ostera, Orellanak abagune garbia izan du bigarrena egiteko baina bere jaurtiketa langan jo du. Atsedenaldian, etxekoak ziren nagusi.

Bigarren zatian baina, hobera egin du Eibarrek nabarmen. Aurkako zelaira maiztasun handiarekin iritsi da eta erdiraketen bitartez, Levante bere area inguruan sartu du. Ahaleginak saria izan du neurketako azken txanpan. Peña baloia lapurtu du Levanteren zelaian. Atzelariak Orellanari eman dio baloia eta honek bakarrik utzi du Sergi Enrich. Aurrelariak ez du hutsik egin Aitorren aurrean eta amaierako berdinketaren gola lortu du.