
Eibarrek puntu garrantzitsua lortu du UD Las Palmasen aurka
Eibarrek bana berdindu du UD Las Palmasi egindako bisitan
Eibarrek puntu garrantzitsua lortu du UD Las Palmasi egindako bisitan (1-1). Garitanoren taldeak bana berdindu du bigarren sailkatuaren aurka.
Partida hasiera oso lehiatua bi taldeen artean. Talde armaginak lehen minutu onak jokatu dituen arren, etxekoak izan dira markagailuan aurreratu direnak partida 25.minutuan. Alex Suarezek arratsaldeko lehena egin du korner bat eskuinarekin errematatu ostean. Eibarren erreakzioa berehala iritsi da, eta minutu bat geroago, Corpasek berdinketa lortu du area erditik egindako erremate baten ostean. Gaizka Garitanoren taldea partidaren jabe bilakatu da minutuak pasa ahala, eta arriskua sortu du aurkariaren arean. Eibarrek oso gertu izan du arratsaldeko bigarren gola baina Alvaro Valles atezainak armaginen bigarrena ekidin du.
Bigarren zatian markagailuan aurrea hartzeko asmoz zelairatu da talde armagina. Hala ere, etxekoek aukera on bat izan dituzte bigarren zatiko lehen minutuetan. Luca Zidanek UD Las Palmasen bigarrena eragotzi du Saul Cocoren area kanpotik egindako jaurtiketa geldituz. 64. minutuan, Corpasek lehen aukera arriskutsua sortu du talde armaginarentzat, baina area barrutik buruz egin duen errematea desbideratuta joan da. Partidaren azken minutuetan Matheusek gertu izan du Eibarren bigarrena, baina etxeko atezainak atepean gelditu du brasildarraren errematea. Bigarren zatia oso lehiatua izan da, eta bi taldeak markagailuan aurrea hartzen saiatu dira. Hala ere, markagailua ez da mugitu eta partida 1-1 amaitu da. Horrela, Eibarrek puntu garrantzitsua lortu du aurkari zuzen baten aurka.
Berdinketa honekin Eibarrek jokoan izan dituen azken bederatzi puntuetatik zazpi eskuratu ditu eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du.