Eibarrek puntu garrantzitsu bat lortu du gaur Ipuruan Levante UD-ren aurka
Partida oso serio bat egin du talde armaginak, golik gabe amaitu duena, sailkapeneko goiko parteko talde garrantzitsuenetako baten aurka
Bigarren berdinketa jarraian Eibarrentzat, oraingoan Levante UD indartsu baten aurka. Partida talde bisitariak presionatzen hasi da, lehenengo golaren bila tematurik. Eibarrentzat defendatzeko minutuak iritsi zaizkio hasiera horretan.
Aurkariaren insistentziaz gain, armariak ez dira ahuldu eta haiek ere aurkariaren zelaian jokatzen hasi dira. Minutu bizi batzuk eta gero, Levanteren hiru jokalarik jarraian txartel horia ikusi dute, partidaren lehen 30 minutuak bete gabe.
Lehen ordu erdi hori eta gero, armaginak granotak deseroso sentiarazten hasi dira, eta haien presioaz gain, atsedenaldira joan dira markagailuarekin hutsean.
Bigarren zatia hamaikakoetan aldaketarik gabe hasi dira bi taldeak. Levantek golaren bila berriro ere, Eibarreko defentsa-hesiarekin behin eta berriro egin du topo eta ez ditu izan oso aukera garbiak gola lortzeko. 75. minutuan, baloia berreskuratuta, Camposek Esperi pase on bat egin eta honek gola egiteko aukera garbiena izan du.
Azkeneko minutuetan, Camposek gola sartu du baina arbitroak jokoz kanpotzat jo du. Beraz, golik gabeko partida honetan puntu batekin doa Eibar bi asteko atsedenaldira. Ondoren, sailkapenaren goialdean dauden zenbait talde oso indartsuak izango ditu aurrean.