Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek puntu bat lortu du Anxo Carron (2-2)

Vieites atezainak armaginen garaipena saihestu du azken unean

Eibarrek CD Lugoren aurka berdindu zuen Ligako 17. jardunaldian. Armaginek garaiz erreakzionatu dute Anxo Carrori egindako bisitan puntu bat eskuratzeko. Bigarren zatian Alende kanporatu ondoren saria handiagoa lortzeko zorian ere egon dira. Garitanoren taldeak asko estutu du azken minutuetan eta Vieites etxeko atezaina erabakigarria izan da markagailua berdinkearekin amaitzeko.

Lehen zatian partidari pultsua hartzea kostatu zaio taldeari. Etxekoak erraz atera dira kontraerasoan eta eibartarrak deseroso aritu dira. Chris Ramosek korner baten irteeran egindako erremate bat izan da geroago gertatuko zenaren abisua . 28. minutuan, Kadizeko jokalariak etxekoak aurreratu ditu. Lehenago, Eibarrek abagune bikoitza izan du, baina ez Blanco Leschukek ez Tejerok ez dute asmatu.

Handik lau minutura, Ramosek bigarren gola sartu du etxekoentzat. Erditik sakatzeko denborarik gabe, Edu Expositok jokaldi bikaina egin eta aldeak murriztu ditu. Atsedenaldira iritsi aurretik, Blanco Leschukek lehia berdintzeko abagunea izan du, baina atzelariek armaginen arriskua urrundu dute.

Bigarren zatian, Lugoren jokaldi batek partidaren gidoia aldatu du. Epaileak Eibarren aldeko penaltia adierzi du eta Alende kanporatu du. Corpasek ez du hutsik egin hamaika metroetatik eta berdinketa ezarri du markagailuan.

Jokalari bat gehiagorekin, Eibar nagusitu egin da jokoan eta azken txanpan sari handiagoa lortzeko aukera izan du. Armaginek aukera handiak izan dituzte hirugarrena lortzeko. Argienak Etxeitak eta Fran Solek izan dituzte. Vieitesek erremateak desbideratu ditu merituzko bi geldiketarekn eta  hala, Garitanoren taldeak hiru puntuak eskuratzea eragotzi du.