Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek puntu bat gehitu du Leganesen aurka (0-0)

Atzelariak gailendu dira lehia biziaz beteriko neurketan

Eibarrek Leganesen aurka berdindu du Ligako 35. jardunaldian. Armaginek puntu berri bat gehitu dute norgehiagoka oso orekatu batean. Abagune gutxi egon da eta joko zuzena eta bigarren baloiak nagusi izan dira. Bi taldeko atzelariak suertatu dira garaile gaurkoan Ipuruan.

Mendilibarren mutilek aukera ona zuten hiru puntuak gehitu eta helburutik gertuago gelditzeko. Baina Leganes ez da talde makala eta gauzak oso zailak jarri ditu lehen minututik. Talde pepineroak ez dio ohiko jokoa egiten utzi Eibarri. Hegaleko jokaldiak bertan behera utzi ditu eta aurrelari gorri-urdinek zailtasun handiak izan dituzte aurkako atea zulatzeko. Lehen zatiko abagunerik garbiena Kike Garcíak izan du Cuellarrek gelditutako burukada batean.

Bigarren zatian, neurketak bide berdinetik jarraitu du. Joko luzea eta bigarren baloiak izan dira aurkako zelaian kokatzeko mekanismoa. Saiakerak saikera, Eibarri lasaitasuna falta izan zaio abagune garbiak sortu ahal izateko.

Lehia amaieran, eta aurkako atean gola egiteko ezintasuna ikusita, Eibarrek bere atea hutsean uztea lehenetsi du. Hala, puntu berri bat gehitu dute Mendilibarren mutilek eta jaitsiera postuak lau puntutura dituzte. Igandean helburura hurbiltzeko aukera berria izango dute Espanyolen etxean.