Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek partida ona jokatu du eta garaipena merezi izan du Errealaren aurka

Azkenean bana berdindu dute Kilometroak 2016 ekitaldiaren mesedetan jokatutako partida

SD Eibar taldeak partida ona jokatu du gaur Agorrosin zelaian eta garaipena merezi izan du Errealaren (Real Sociedad) aurka, baina talde donostiarrak 87. minutuan sartutako gol batek garaipena eragotzi du.

Norgehiagoka Bergara taldearen zelaian jokatu da Kilometroak 2016 ekitaldiaren mesedetan, izan ere, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa aurten herri horretan ospatuko da.

Hasieran donostiarrak nagusitu badira ere, Mendilibarrenek aginte-makila hartu eta partida kontrolpean izan dute.

Lehen zatian eibartarrek ia ez dute arriskurik sortu baina atsedenaldiaren ondotik bi taldeetan izandako aldaketa andanaren ondorioz Eibar taldeak nagusitasun nabarmena erakutsi du bigarren zati osoan zehar.

Lehen aukera 47. minutuan etorri da baina Ruben Peñak gehiegi gurutzatu du baloia. Ondoren, 52. minutuan etorri da armaginen gola. Ruben Peña berak galdutako baloi bat jaso du area barnean eta lehen jaurtiketa Toño Ramirez atezainak urrundu du, baina baloia Avilako jokalariari iritsi zaio berriro, eta jaurtiketa zehatz batekin bere lehen gola sartu du Eibar taldearen elastikoarekin.

Armaginek norgehiagokaren kontrola mantendu dute eta Errealak egindako erasoko saiakerak eragotzi ditu. Bebe, ezker hegaletik, amesgaiztoa izan da bere markatzaileentzat eta arrisku handia sorrarazi du.

Eibarrek izan ditu aukera onenak, baina hiru minuturen faltan, donostiarrek bigarren zatian izandako aukera garbi bakarrean, David Conchak atetik gertu solte geratu den baloi bat baliatu du behin betiko berdinketa ezartzeko.

Eibarrek merezi izan du garaipena denboraldi-aurrean jokatu duen partida onenean. Horrela, bilakaera argia ikusi ahal izan da aurreko partidekin alderatuz, Liga hasteko bederatzi egun falta direnean.

Golak: 0-1: Ruben Peñak 52. minutuan. 1-1: David Conchak 87. minutuan.

Hamaikakoak:

Real Sociedad: Bardaji; Mikel Gonzalez, Illarramendi, Bergara, Bautista, Xabi Prieto, Elustodo, Zurutuza, Oyarzabal, Berchiche eta Zaldua. Hauek ere jokatu dute: Toño Ramirez (ordezko atezaina), Carlos Martinez, Juanmi, Granero, Carlos Vela, William Jose, Rubén Pardo, Hector Hernandez, Raul Navas eta David Concha.

SD Eibar: Asier Riesgo; Calavera, Ramis, Galvez, Luna; Escalante, Christian Rivera; Pedro Leon, Amorrortu, Etxaburu; eta Sergi Enrich. Bigarren zatian hauek jokatu dute: Yoel; Capa, Lejeune, Dos Santos, Junca; Dani Garcia, Elgezabal; Inui, Adrian, Bebe; eta Ruben Peña.