Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek oso ondo jokatu zuen Austriako lehenengo partidan

Armaginek Qatarko Lekhwiya SC taldeari irabazi zioten 3-1ekoa lortzean

Austriako lurretako kontzentrazioko bigarren egunean, talde gorri-urdinak Lekhwiya Sports Cluben aurka jokatu zuen, eta Mendilibarrek aurre-denboraldiko aurreko partidetan ez bezalako taktika erabili zuen. Izan ere, Qatarko Futbol Txapelketan jokatzen duen taldearen aurka, hasierako hamaikakoari norgehiagokaren amaierara arte eustea erabaki zuen teknikari gorri-urdinak.

Armaginek erritmoari eutsi zioten, eta, lehenengo zatitik bertatik, nagusi izan ziren. 23. minutuan, Pere Millak jaurtitako kornerraren ostean, Unai Elgezabalek arratsaldeko lehenengo gola egin zuen buruz. Partida kontrolpean zutela, Mendilibarren jokalariak lasai-lasai joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatirako, partida hasi eta minutu gutxira, berriro ere Pere Milla jokalari fidelizatuak begirada guztiak erakarri zituen area-ertzetik sareratu zuen jaurtiketagatik. 60. minutuan-edo, talde aurkariaren area txikian garatzen ari zen jokoa, eta armaginak gustura ari ziren harik eta aurrelarien huts-egiteagatik Qatarkoek euren lehen gola sartu zuten arte. Dena dela, 68. minutuan, neurketa buruz erabakita utzi zuen Bebék.

Norgehiagoka Kössengo Kaiserwinkl Arena futbol-zelaian jokatu zen, eta inguruko nahikoa jende hurbildu zen bertara. Euria egingo zuela iragarri arren, ateri egon zen azkenean. Atsedenaldian, erakundeen arteko topaketa egin zen, eta Lekhwiya SC taldeko presidenteak elkarrizketa atsegina izan zuen espedizioan joandako Mikel Larrañaga kontseilariarekin.