Skip to main content
EU
Kluba

Eibarrek nazioarteko pasaportea du

Klubak nazioartekotze estrategia sendotzen jarraitzen du, 2017-2022 Plan Estrategikoan zehaztu bezala

SD Eibar aspalditik ari da Kluba eta Eibarko Hiria nazioarte mailan ezagutarazteko lanetan. Naziortekotzea erronka nagusi du Eibarrek, 2017-2022 urteetarako Plan Estrategikoak zehazten duen bezala, eta bide horretan pausu sendoak ematen ari da.  

Ia hiru urte badira Japonian lanean hasi zenetik, eta iaz hainbat hitzarmen itxi eta gero, aurten HiKOKI babesle japoniarraren akordioa sinatu du. Horri esker, makinak eta tresneria elektrikoak egiten dituen enpresak lehen taldearen elastikoaren mahukan presentzia du.

Klubak denboraldiz denboraldi lortzen duen espozizio mediatikoa ere handitzen doa, hein batean Lehen Mailako taldea izateak eta La Ligarekin batera joateak ematen dion agerpenagatik. Era horretan, SD Eibar mundu mailako komunikabide garrantzitsuenetan azaltzera iritsi da The New York Times, The Guardian, 11 Freunde edo Aljazeera-ren kasu.

Egun 69 herrialdeetako 11.000 akziodun baino gehiago du talde armaginak, eta martxan jarri den bozketa telematikoari esker hurrengo Akziodunen Batzar Orokorrean bere boza emateko aukera izango dute. Horrez gain, 41 lagun-talde ditu klubak, 21 estatuan eta 20 atzerrian, batzuk Eibartik benetan urruti: Israel, Errusia, Japonia, Txina, e.a. Batzuk, Australiaren kasuan, adibidez, lagun-talde bat baino gehiago dute.

Australian, adibidez, Peña Eibaroos de Brisbane eta Peña Eibar Sydney lagun-taldeak ditu Eibarrek, eta LaLigako talde bakarra da herrialde horretan lagun-talde bat baino gehiago duen bakarra.

Urte hauetan Ipuruara bisitan jende ugari etorri da, asko milaka kilometro eginda, eta kanpoko neurketetara joandakoak ere dezente eta toki ezberdinetatik etorritakoak izan dira. Azkena, adibidez, Israelgo lagun-taldeko Tal Oknin izan da, bere herrialdetik Bartzelonara (Espanyolen aurkako norgehiagokara) eta Gironara hurbildutakoa.

Lagun-taldeak eta zaleak berak izan dira, neurri handi batean, Eibar mundura zabaltzen lagundu dutenak, eta baita merkatu berrietan hitzarmenak sinatzeko aukera izaten lagundu dutenak.

Japonian, besteak beste, bertako lagun-taldearekin Klubak duen gertuko harremanak ate ugari ireki ditu, eta bide horretatik iritsi da egun HiKOKIrekin hitzarmena sinatzeko aukera.

2014ko kapital handitze kanpainarekin batera lagun-taldeak sortzeko jarritako erraztasunak Eibarren kirol instalakuntzak ezagutzeko aukera eman die askori, tartean atzerriko kazetari askori.

Joan den astean, LaLigaren bitartez, Nigeria, Maroko, Turkia, Txina, Korea, Hong Kong, India eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat kazetari Ipuruan izan ziren, klubaren historia ezagutu eta egun nola lan egiten den jakin asmoz. Bisita horri esker hainbat erreportai eta albiste argitaratu dira, eta beste batzuk laster argitaratuko dituzte.

Nazioartekotze planaren barruan, Klubak sare sozialetan hazten jarraitzea du helburuetako bat, mundu guztiko jarraitzaileak erakarriz, eta zale, abonatu eta akziodunekin elkarlanean klubaren eta hiriaren izenak are eta gehiago ezagutzera ematen.