Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek nahitaez irabazi beharra dauka Las Palmasen, Ipuruan 2-3 galdu eta gero

UD Las Palmasek 2-3 irabazi zuen partida, Mendilibarren mutilak bederatzi baino ez zirela, Hajrovic eta Escalante kanporatuta

Eibarrek, datorren asteazkenean, irabazi egin beharko du Kanaria Handian, Errege Kopako final-laurdenetarako txartela lortzeko, Ipuruan UD Las Palmasen aurka 2-3 galdu ondoren.

Norgehiagokaren azken zatian, talde armagina bederatzi jokalarirekin geratu zen, epaileak Izet Hajrovic eta Gonzalo Escalante kanporatu ondoren, eta uhartetarrek hirugarren gola egin zuten.

Oso bizi hasi zen neurketa. Bi taldeak gogotsu zelairatu ziren, partidaren jabe egiteko asmoz, baina Eibar bertikalagoa izan zen eta gola sartzeko aukera gehiago izan zituen.

Horrela, 10. minutuan, Izet Hajrovic bosniarrak ederto aprobetxatu zuen Simone Verdik emandako pase sakona, eta, Raúl Lizoain gaindituz, Eibarreko jokalari denetik lehenengoa duen gola sartu zuen.

Laster erantzun zuten kanariarrek, eta banakoa egin zuten. Valerónek ezkerraldetik ateratako falta bat buruarekin errematatu zuen Aythamik, etxeko taldeak defentsan eginiko hutsegitea baliatuz.

Lau minutu baino ez zituen behar izan Saúlek bere taldea berriro aurretik jartzeko, ezkerkada dotore baten bitartez, ezker hegaletik David Juncàren asistentzia jaso eta gero.

Norgehiagoka parekatua zegoen arren, Eibar arrisku gehiago hartuz hurbiltzen zen atera, eta atsedenaldira alde zabalagoarekin joateko abaguneak izan zituen.

Bigarren zatian, Verdik bere oinetan izan zuen 3-1ekoa, baina, eraso bizkor baten ostean, gora joan zitzaion jaurtiketa.

Berriro ere, talde horiak geldikako jokaldi batean berdindu zuen partida. Wakasok falta bat baliatu zuen, areaz kanpotik zartakoa botatzeko. Ezer gutxi egin ahal izan zuen Iruretak.

Eibar hirugarren golaren bila zebilen, baina Las Palmas sendoa zeukan aurrean. Gol hori 78. minutuan ailegatzeko zorian egon zen, Saúlen pase bikain baten ondoren Sergi Enrichen errematearen bitartez, baina Lizoain erne ibili zen jaurtiketa aldaratzeko. Aldaratzea sartzen ere saiatu zen Enrich, baina defentsa batekin egin zuen topo.

Hortik gutxira, epaileak txartel gorria erakutsi zien Hajrovic (81. min) eta Escalanteri (86. min), eta armaginak bederatzi gizonekin geratu ziren. Aurkariak, egoera horretaz baliatuz, 90. minutuan 2-3koa egin zuen, Momoren jaurtiketa eder baten bitartez.

Sei egun barru jokatuko da itzulerako partida, eta Mendilibarren mutilek buelta eman beharko diote egoerari, Kopako final-laurdenetara aurrera egin nahi badute.