Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek merituzko berdinketa lortu du urteko azken norgehiagokan (1-1)

Armaginek bana berdindu dute Real Betisen aurka eta hiru jardunaldi daramatzate porrotik gabe

Eibarrek bana berdindu du Real Betisen aurka Ligako 16. jardunaldian. Armaginek neurketa sendoa egin dute etxetik kanpo eta puntu garrantzitsua lortu dute. Lehia, ordea, ez da nahi bezela hasi. Izan ere, etxeko taldea izan da markagailuan aurreratu dena. Eibartarrek ez dute etsi eta lan handia egin ondoren, berdinketa egin dute Orellanak penalti marratik lortutako golari esker.

Armaginek presio gogorra egin dute lehia hasieratik. Betis baloi irteera itotzeko mezu garbiarekin irten dira zelaira eta laster lehen aukerak iritsi dira. Garbiena Orellanak izan du hamargarren minutuan. Bere jaurtiketa Pau Lópezek gelditu du era ezinhobean. Etxeko taldeak arazoak izan ditu eibartarren presioa gainditzeko baina lortu duenean min egiteko gai izan da. Hala iritsi da Betisen lehena. Sanabriak Betis aurreratzea lortu du Telloren pasea sareratu eta gero.

Dena dela, eibartarrek ez dute etsi eta beren aukeretan sinisten jarraitu dute. Sentsazioak onak ziren eta gola gertu zen. Bigarren zatiarekin batera, Mendilibarren mutilek aurrepausua eman dute eta Betis beren zelaian sartu dute. Enrichek abagune paregabe izan du berdinketa egiteko baina ez du asmatu. Hurrengoan, ordea, epaileak penaltia adierazi du Eibarrentzat. Orellana izan da jaurtitzeko ardura hartu duena eta suspense pixkat batekin izan bada ere, López atezaina gainditzea lortu du.

Taldeak aurrerantz begiratzen jarraitu du hortik aurrera eta garaipenaren gola lortzen saiatu da. Kike Garcíak abagune garbia izan du bigarrena egiteko baina ez du baloia jo nahi izan bezala eta jaurtiketa gutxigatik irten da kanpora. Partida bukaeran puntu bat eskuratzea lortu dute eibartarrek 2018 zoragarri bati amaiera ona emateko.